Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leongo erreinua

Iberiar penintsulako ipar-mendebaleko erreinua. 909-1230 urteetan Asturiasko errege Garzia I.ak (909-914) Leongo hirira eraman zuen gortea, Alfontso III.a haren aitak egin zuen bezala, eta hala sortu zen gero Leongo erreinua izango zena, berez Asturiasko erreinuaren jarraia baizik izan ez zena. Leongo erreinuaren eraginpean zeuden garai hartan Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Herriaren mendebala, Gaztela, Leon, Duero ibaiaren aldeko lurrak eta Portugal (Braga eta Oporto), nahiz lurralde horietako askotan ez zen inoiz erabat nagusitu. X. mendean, arazo ugari izan zituzten leondarrek musulmanekin, Duero ibaitik gora erraz igarotzen baitziren Kordobako kalifaren osteak. Antso III.a Gartzeitz Nafarroako erregearen garaian (1000-1035), Leongo erreinua Nafarroako koroaren mendean egon zen; ondoko urteetan hasi zen gorpuzten Gaztelako konderria. Tradizio bisigodoari jarraiki, Hispaniako errege eta enperadoretzat zeukaten beren burua Leongo erregeek, baina musulmanen aurkako borrokan (Reconquista) halako arrakastarik ez baitzuten izan, begi gaiztoz ikusi zuten Gaztelako erreinuaren sorrera. 1157an Fernando II.a Gaztelakoa Leongo errege ere izan zen eta handik aurrera koroa bakar batera bildu ziren Leon eta Gaztelako erreinuak, bakoitzak bere erakundeak gorde bazituen ere. XII. mendean sortu zen Portugalgo erreinua eta mende horren bukaeran bizkortu zuten musulmanen aurkako borroka kristau estatuek; Extremadura aldeko lurraldeetan barrena zabaldu zen Leongo erreinua. Leongo eta Gaztelako erakundeen arteko harremanak ez ziren onak izan; 1230ean desagertu zen Leongo erreinua (baina XIV. mendearen hasiera arte iraun zuten Leongo administrazio erakundeek). Handik aurrera, Gaztelako probintzia gisa iraun zuten luzaroan Leongo lurrek, reino de León (Leongo erreinua) izena ematen zitzaien arren. Salamanca izan zen XIV. mendetik aurrera Leongo hiri ospetsuena, unibertsitateari esker. 1833an bereizi ziren Leon, Zamora eta Salamancako herrialdeak eta 1979an, Gaztela eta Leon autonomia erkidegoaren barnean utzi zituzten hirurak.