Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leizaola Sánchez, Jesus Maria

Gipuzkoako politikari eta idazlea (Donostia, 1896 - Bilbo, 1989). Oinarrizko ikasketak Lekarozko eskolan egin ondoren Deustuko unibertsitatean amaitu zituen zuzenbide ikasketak. 1917an Gipuzkoako Aldundian lanean zebilela, aldarrikapen autonomiazaleetan parte hartu zuen. 1919-1925 urte bitartean Bilboko udaletxeko Ogasun zuzendaria izan zen. 1922an espetxean egon zen Alfontso XIII.aren aurrean, Euskal Unibertsitatea eskatuz, egindako protesta ekintza batengatik. Gaztetandik EAJ alderdiko kide izan zen, eta Gorteetako diputatua izan zen Gipuzkoatik Errepublikaren garaiko lehen legegintzaldian. 1933an diputatu hautatu zuten berriro, baina dimisioa eman eta Gipuzkoako Aldundiko Idazkaritza hartu zuen. 1936ko Autonomia Estatutua onartu zelarik, Zuzentza burukidea izendatu zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariak. Frankistek Bilbo inguratua zutenean, Behin-behineko Defentsarako Batzordeko lehendakari izendatu zuten. 1937an Agirre Lehendakariak Frantziara erbesteratzeko agindua eman zion Leizaolari. Frantzian euskal iheslariei laguntzen jardun zuen eta Agirre lehendakariak Ogasun burukidea izendatu zuen 1946an. 1960an Agirre hil zenean erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako Lehendakari hautatu zuten. 1977 arte ez zen Hego Euskal Herrira itzuli eta 1980an Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarkide hautatu zuten. Handik urtebetera Euskalerriaren Adiskideak elkartean sartu zen eta sarrera hitzaldian La euritmia en la poesía vasca y sus relaciones con otras Bellas Artes lana irakurri zuen. Euzkadi, Gipuzkoarra, Argia, El Día, Yakintza, Eusko-Enda. Euzko-Deia, Alderdi, Diario Oficial eta Gudari aldizkarietan eman zituen argitara artikuluak. Leizaolaren idazlan garrantzitsuenak dira: Literatura Vasca (1923), La frontera vasca contra los moros (1937), Contribución de los vascos a la formación y a la ciencia del Derecho (1937), Euzkadik Iberia lurraldeko erriak alkartu (1945), Estudios sobre la poesía vasca (1951), La Crónica en la poesía popular vasca (1961), Líneas generales de la formación de la economía vasca en la historia hasta hoy (1962), 1808-1814 en la poesía popular vasca y otros estudios (1965), Acontecimientos del s. XX en poetas euskéricos (1974), Crónicas y romances en la poesía euskérica (1981) eta La marina civil vasca en los siglos XIII, XIV y XV (1984).