Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leizaola Calvo, Fermin

Gipuzkoar etnologoa (Donostia, 1943). Donostian egin zituen oinarrizko ikasketak eta ikasketa teknikoak. Aranzadi Zientzien Elkarteko kidea, Eusko Ikaskuntzakoa, Euskalerriaren Adiskideak elkartekoa, Etniker Taldeko idazkaria eta Donostiako San Telmo Udal Museoko Patronatuko batzordeko eleduna da. Etnografiari buruzko hitzaldi asko eman ditu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo egindako kongresu eta bilkuretan. Lan ugari eman ditu argitara Munibe, CEEN, Pyrenaica, Oarso eta Dantzariak aldizkarietan. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egin zuen Jose Migel Barandiaran antropologo handiaren zuzendaritzapean. Jose Migel Barandiaran saria jaso zuen 1975ean Etor argitaletxeak Euskalerriko artzaiak izenburupean plazaratu zuen lanari esker. Ikerkuntzan eta euskal ondarearen zabalpen lanetan jarraitu du azken urteotan. Besteak beste, Gipuzkoako eskulangintza-Artesania en Gipuzkoa liburua argitaratu zuen 1997an, eta 1999an berriz Gipuzkoako artzantza-El pastoreo en Gipuzkoa; Gemma Arrugaeta argazkilariarekin lankidetzan, 35 urteren buruan egindako lana bildu zuen azken horretan. Lan horiez gain, Zaharkinak izeneko herri ondarea berreskuratzeko egitasmoa zuzendu du azken urteotan. Arantzadi Zientzia Elkarteko Etnografia sailaren baitan bideratutako egitasmo hau herriz herri landu da, lekuan lekuko tresna eta altzari zaharrak bilduz, aztertuz eta sailkatuz.