Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lefort, Claude

Frantses filosofoa (Paris, 1924). Maurice Merleau-Pontyren oinordeko izan zen eta haren hil ondoko lanak argitaratu zituen. Bestalde, hari buruzko hainbat ikerketa egin zituen: Sur une colonne absente (1978, Ez dagoen zutabe batean). 1949an Socialisme ou Barbarie aldizkaria sortu zuen. Aldizkari horretan agertu ziren totalitarismoaren eta burokraziaren kontrako lehenengo kritikak. Hasierako oinarri marxistatik urrundu eta totalitarismoaren eta demokraziaren analisi bateratua egin zuen. Lefortek gaur egungo historiaren gertaera handienetakotzat hartu zuen totalitarismoa. Soljenitsinek burokraziaren gezurren kontra egindako ekintzetatik abiatuta, Lefortek desegin egin zituengainetik Estatua eta gizarte zibila jartzen dituen, izu sistematikoa erabiltzen duen eta etengabe etsaiak sortzen dituen totalitarismoaren homogeneizazioaren mamuak. Ideia horiek Un homme en trop. Réflexions sur "L'Archipel du Goulag" (1976, Gizon bat nahikoa. Goulag-eko uharteei buruzko gogoetak) lanean bildu zituen. Logika totalitarioari aurre egiten diotenek, altxamenduen edo disidentziaren bidez, demokraziaren printzipioen izenean egiten dute, haren iritziz. Bestalde, demokraziaren printzipio horiek halako eran antolatzen dute boterearen errealitatea, non ez baita inoren ardura: L'Invention démocratique (1981, Asmakizun demokratikoa); Essais sur le politique (1986, Politikari buruzko saiakerak). Demokraziari buruzko gogoeta horiek Machiavelli eta Étienne de la Boétieren kutsua dute, bere Le Travail de l'oeuvre. Machiavel (1972, Obraren lana. Machiavelli) eta Le Nom d'Un (1976, Baten izena) lanek erakusten dutenez.