Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lefebvre, Marcel

Frantses elizgizona (Tourcoing, 1905 - Martigny, Suitza, 1991). Erromako Unibertsitate Gregorianoan ikasketak egin eta 1929an apaiz ordenatu zen. 1932-46 bitartean misiolari izan zen Gabonen, eta gero gotzain (1947), ordezkari apostoliko (1948) eta artzapezpiku (1955-1962) Dakarren. II. Vatikano Kontzilioan, teologia berriaren aurrean Eliza katolikoaren ortodoxia defendatzen zuen Caetus internationalis patrum fundazioa eratu zuen. 1969an San Pio X. Nazioarteko Mintegia sortu zuen Ecônen, Suitzan, Frantziako gotzainen baimenik gabe. Arauz kontra hainbat ordenazio egin ondoren, a divinis zigortu zuten, eta 1983an Ecôneko zuzendaritza utzi eta Franz Schmidberger izendatu zuen ondorengo, era honetan Erromako Elizarekin zituen liskarrak areagotuz. 1988an eskumikatu egin zuten Aita Santuaren baimenik gabe gotzainak sagaratu izanaren salaketapean. Maurrasen eta Action Français-en tesiekin lotuta dago Lefebvreren ideologia.