Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lauren, Ralph

Estatubatuar moda diseinatzailea (New York, 1939). 1950eko hamarkadan Lifshitz, Lauren izena hartu zuen. Soldadutza egin ostean, gorbatak saltzen hasi eta erosketa arduradun izatea lortu zuen erostetxe handi batean. 1967an lehen diseinu lanak egin zituen Beau Brumell gorbata enpresarako, hain arrakasta handiz, non bere konpainia eratzea erabaki baitzuen. Polo izena jarri zion konpainiari, polo kirolaren omenez, aberastasuna eta dotoretasuna irudikatu nahian. 1970ean gizonentzako arropa bilduma handi bat sortu zuen, eta New Yorkeko erostetxe handi batean denda berezi bat ireki zuten Laurenen jantziak erakusteko. Hurrengo urtean emakumeentzako jantziak diseinatzen hasi zen, eta 1972an bilduma osoa aurkeztu zuen. Gizonezkoenak bezala, emakume jantzi hauek ere dotoretasun handikoak ziren. Geroztik era askotako jantziak diseinatu ditu: jeansak, larruzko jantziak, kirol jantziak, flanelazko alkandorak, jeans higatuak edota etxerako arropak. 1986an New Yorkeko 5. Hiribideko Rhinelander eraikina erosi zuen, eta harrezkero huraxe da Lauren markako dendarik adierazgarriena.