Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lacroix, Christian

Frantses jostuna (Arles, 1951). Artearen Historian lizentziatu ondoren, goi mailako jostun lanetan hasi zen Jean Patou enpresarako diseinuak eginez. 1986an Frantziako modako kritikariek denboraldiko jantzi bilduma bikainenari eskaini ohi dioten Urrezko Titarea saria bereganatu zuen lehen aldiz, eta hurrengo urtean goi mailako joskintza enpresa bat sortu zuen Jean-Jacques Picartekin elkarturik. 1988an bigarren Urrezko Titarea lortu eta hurrengo bi urteetan bigarren sailkatu zen, Guy Larocheren atzetik 1989an eta Paco Rabanneren ondoren 1990ean. Frantziako jostunik berritzaileenetako bat izanik, jostun barroko gisa gailendu da. Lacroixek bikain asmatu du klasikoa barrokoarekin, puntua urre koloreekin edota larruak brodatuekin uztartzen, benetako collageak eratuz. 1989an osagarri sail bat kaleratu zuen eta hurrengo urtean C’est la vie izeneko perfumea. 1991n prêt-à-porter saila aurkeztu zuen eta ondoren, 1994an, Bazar izeneko zabalkunde saila. Antzerki eta operetako diseinuak ere egin ditu Lacroixek, besteak beste 1989an Nimesen antzeztu zen Carmen obrarako.