Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

La Polla

Arabar musika taldea. 80ko hamarkada hasieran osatu zuten taldea Agurainen, La Polla Records deiturapean, Evaristo kantariak, Sume eta Txarly gitarristek, Abel baxuak eta Fernando bateriak. Euskal Herriko eta Espainiako musika panoraman iraultzaileak izan ziren, egoera eta doinu berriak sortuz. Evaristo taldeko buruak gaitasun berezia zuen gainera kontzertuak ikuskizun bilakatzeko. Punk mugimenduaren baitan funtsezkoak izan dira ia hogei urteko ibilbidean. 1983an kaleratu zuten ¿Y ahora qué? lehenengo lana, musikaz gehiegi jakin gabe, hauteskunde sistema, armada, kontsumismoa edota faxismoa bezalako gaiak jorratuz eta kritikatuz. Orduz geroztik, gogoko ez duten guztia gogor kritikatzen jarraitzen dute. Orain gutxi, taldearen izena aldatu eta La Polla dute izena. Lan ugari kaleratu dituzte urte hauetan guztietan, besteak beste: Salve (1984), Revolución (1985), No somos nada (1988), Donde se habla (1988), En directo (1989), Ellos dicen mierda, nosotros amén (1989), Los Jubilados (1990), Barman (1991), Negro (1992), Hoy es el futuro (1993), Bajo presión (1994), Carne para la picadora (1996), Catorce años de La Polla (1997), En tu recto (1998) eta Toda la puta vida igual (1999).