Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kurdu

iz. Kurdistango biztanlea. ■ Kurdu gehienak Irango goi-ordoki zabaleko eskualde menditsu batean bizi dira, Kurdistanen, Turkia, Iran, Siria eta Iraken artean banatuta gaur egun. Kaukaso aldean ere kurdu asko bizi dira. Guztira 10 milioi inguru dira. Kurduen hizkuntza irandarra bada ere, haien jatorria ez da zehatz ezagutzen. Zazpigarren mendean islamera bihurtu ziren; gehienak sunniak dira. Historia luzea badute ere ez dute herrialde bat eratu sekula. ■ Beren mendietan ardiak eta ahuntzak zaintzea izan da antzinatik kurduen ohiko lanbidea. Gaur egun ere, kurdu asko bizi da udan azienda mendian larratzen, eta neguan ibarrera jaisten. Hala ere, kurdu gehienak bizileku finkotan bizi dira. Nomada taldeak antzina bezala leinuka antolaturik badaude ere, bizimodu hori utzi dutenak hirietan bizi dira, zein bere nazioko ohituren arabera. ■ Kurduak sarritan saiatu dira burujabetasuna lortzen, eta herri askoren kontra borrokatu behar izan dira: sumeriar, asiriar, persiar, mongoliar, europar gurutzatuen eta turkiarren kontra. Haien buruzagi aipagarrieneko bat Saladin izan da. Lehen Mundu Gerraz geroztik, Irak, Turkia eta Irakek gogor zapaldu dituzte kurduen matxinada guztiak. 1961ean Irak iparraldeko kurduak matxinatu ziren; 1970ean bakea hitzartu zuten eta zenbait eskubide lortu zituzten, gobernu autonomoa besteak beste. Kurdu talde batek, Mustafa al-Barzaniren gidaritzapean, hitzarmena gauzatzea eragotzi zuen 1974an, eta gerra piztu zen berriro. Matxinadak porrot egin zuen handik urtebetera, baina borrokaldiak izaten dira noizean behin. Irango 1979ko iraultzaren ondoren, borroka latzak izan ziren gobernuko gudarosteen eta autonomia politikoa eta kulturala aldarrikatzen ari ziren kurduen artean. 1988an, Irakeko gobernuak bultzatutako berkokatze programa batean, milioi eta erdi kurdu beren bizilekuak uztera eta beste leku batzuetara behartu zituzten. 1991n, Persiako golkoko gerrak kurduen itxaropenak piztu zituen, baina Irak galtzaile atera bazen ere, agintaritza ez zen aldatu. Irakek kurduen matxinada bat zapaldu eta milioi bat kurdu baino gehiago Turkia edo Iran aldera joatera behartu zituzten.