kuria
iz. Erromako lehen hiru leinuen azpiko giza erakundea. || Patrizioen ordezkariak, eta geroago senatariak biltzen ziren lekua; hedaduraz Senatua bera. v Historia. Tradizioak dioenez Erroma eraiki zenetik Errepublika bihurtu zen arte (509) hiru leinutan (latinoak, sabinatarrak eta etruriarrak) eta 30 kuriatan banatua egon zen hiria, erlijioari zegokion aldetik batez ere. Langintzaz, artegintzaz edo beste edozein gisatara antolatutako giza taldeek bere erlijio egitura ere bazuten. Kuriak, kuria bakoitzeko zuzendariak (magistri) eta haien batzarrak erabakitzen zuten zein erritu erabili eta noiz. Erlijioa eginkizun kolektiboa zenez eta bizitzako eginkizun guztietara hedatua zegoenez, kuriaren barruan agertzen zuen bakoitzak bere erlijio nortasuna, eta leinurik ez zutenek eta esklaboek ere parte har zezaketen. Errepublikarekin desegin ziren kuriak. v Errege kuria (Curia regis). Erdi Aroko erregeen, eta batez ere kapetoen (Frantzia) inguruan, haren ahaideek eta nobleziak osatzen zuten gortea. Aholku ematea zuen eginkizuna. XIII. mendetik aurrera ordea, finantza eta epaiketa arazoetako taldeak erakunde burujabe bihurtu ziren. Asturias-Leon eta Gaztelako erregeek ere bazuten antzeko erakunde bat. Kuriaren bitartez hartzen zuten parte handizkiek erresumako arazoetan. v Erromako kuria. Erromako gotzaina Eliza osoko agintari bihurtzean sortu zen erakundea, Elizak dituen arazoak zuzentzen dituena. Bost sail nagusi ditu: Kongregazioa edo Aita Santuaren aholkulari taldea, epaimahaia, idazkaritza, ekonomia saila eta administraritza.