Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kurdistan

Kurdu herria bizi den lurraldea. Hainbat estaturen zatiak hartzen ditu: Irango ipar-mendebala, Turkiako hego-mendebala, Irakeko iparraldea, Mendebaleko Azerbaijango hegoaldea; eta lurralde txikiak Siriako ipar-ekialdean eta Armenia sobietar ohian. 530.000 km2 guztira. Taurus eta Zagros mendikateetako mendi garaiek (Ararat mendia, 5.156 m) eta goi-ordokiek eratzen dute Kurdistaneko lurraldea. Eufrates eta Tigris ibai handiek bertan dute iturburua. Klima kontinental gogorra. Estepako landaredia; koniferoak mendialdean. Bizimoldez kurduak artzain erdi-nomadak dira. Petrolio-hobiak.  v  Historia. Ziroren garaian, kurduak persiar inperioaren barnean egon ziren. Gero mazedoniarren, partoen eta sasaniden mende gelditu ziren. VII. mendean musulman bihurtu ziren eta IX. mendetik aurrera Bagdadeko kalifen mende egon ziren. XII. mendean izan zuten zabaltze aldirik nabarmenena, eta Egipto eta Yemeneraino iritsi ziren. Mongolek, alabaina, moztu zuten kurduen hedakuntza. XVI. mendetik otomandar inperioaren barne egon ziren eta hura desegin zenean, ordu arte batasun politikorik izan ez zuen Kurdistango estatu autonomoa sortzeko aukera egokitu zitzaien (Sèvresko hitzarmena, 1920). Turkiarren presioaren eraginez, Lausanako hitzarmenak (1923) ez zuen aurrekoa berretsi eta matxinadak gertatu ziren Turkian (1925, 1930) eta Iraken (1922, 1931, 1945). Geroztik, Turkia, Irak eta Irango kurduen talde armatuek aurre egin diete herri horietako gobernuei, berauen aldetik errepresio bortitza jasan behar izan dutelarik askotan. Borroka horretan, alabaina, batasunik gabe jardun dute, nork bere gobernuaren aurka, auzo gobernuaren laguntzarekin anitzetan, beronen azpian zeuden anai-arrebak kontuan hartu gabe. Kurdistanen aurkituriko petrolio hobien inguruko interes ekonomikoek zaildu egiten dute kurduen auzia konpontzea.