Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Krupskaia, Nadezhda Konstantinovna

Errusiar iraultzaile eta pedagogoa (San Petersburgo, 1869 - Mosku, 1939). Leninen emaztea eta Errusiako alderdi komunistako buruzagi nagusietako bat izan zen. Militante marxista zen 1890. urtetik aurrera eta lau urte geroago ezagutu zuen Lenin. 1896an atxilo hartu zuten eta 1898an, Leninen ondora eraman zuten Siberiako erbestera eta bertan ezkondu ziren biak urte horretan berean. Leninen hurbileko laguntzailea izan zen erbesteko urteetan eta berebiziko eragina izan zuen boltxebikeen alderdia sortzerako unean. Iraultzaren ondoren, Hezkuntzarako herri batzorde nagusiko kide zela gazteriaren arloaz arduratu zen bereziki (1918) eta Lenin hil ondoan (1924), alderdiko barne borroketatik kanpora geratu zen berak hala nahi izanda. Leninen oroitzapenak (Vospominaniya o Lenine) eta pedagogia lanak idatzi zituen.