Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kreisky, Bruno

Austriar politikaria (Viena, 1911 - Viena, 1990). Familia judu aberats batean hazi eta hezia. Hamasei urte zituela, Alderdi Sozialistako kide egin zen. Engelbert Dollfussen erregimen autoritarioak alderdia legez kanpo utzi zuenean (1934), Kreiskyk, beste kide batzuekin batera, Gaztedi Sozialista Iraultzaileak taldea sortu zuen. Kreisky kartzelan sartu zuten (1935-1936) eta saldukeriaz kondenatu zuten. Eragozpenak eragozpen, zuzenbide ikasketak amaitzea lortu zuen 1938an. Urte horretan bertan naziek preso hartu zuten eta kontzentrazio esparru batera bidaltzekotan egon ziren. Bere familiako beste hogei kidek ez bezala, berak ihes egitea lortu zuen, Suediara. Bigaren Mundu Gerra bukatu orduko Stockholmera bidali zuten enbaxadore (1946-1950). Handik itzulitakoan Austriako lehendakariaren kabinete pertsonalaren bigarren buru izendatu zuten, eta Kanpo Arazoetako idazkariorde (1953-1959). Garrantzi handiko eginkizuna bete zuen Austriaren burujabetasuna lehengoratzeko negoziazioetan (1955). Gero, Legebiltzarreko kide (1956-1983), Kanpo Arazoetako ministro (1959-1966), eta Alderdi Sozialistako buru (1967-1983) izan zen, eta Austriako kantziler 1970-1983 bitartean. Sekularizazioa, goi mailako irakaskuntza eta liberalizazio soziala bultzatu zituen, ekonomiaren modernizazioa, lanpostuen sorrera eta gizarte laguntzaren onurak handitzea sustatzeaz gainera. Bere beste lehentasunetako bat neutraltsun aktiboa bultzatzea izan zen. Judu agnostikoa izanik, arabiarren eta israeldarren arteko gatazkan alderdikeriarik gabe jokatzeko gai ikusten zuen bere burua. Baina bake elkarrizketetan Palestinaren Askapenerako Organizazioaren parte-hartzea bultzatu eta Israelgo buruzagi nagusiak gogor kritikatu izanak judu askoren haserrea piztu zuen. Austriako nazi zaharren aurrean izan zuen jarrera ere oso eztabaidatua izan zen. Bere lehen gobernuko hamaika ministrotatik lau nazi izandakoak ziren. Nolanahi ere, bera izan da Austriako politiko inportanteena Bigarren Mundu Gerraren ondoren, itzal handikoa nazioarteko diplomazian, eta alemanez hitz egiten duen estatu bateko lehen gobernuburu judua.