Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Krebs, Hans Adolf

Biokimikari alemaniarra (Hildesheim, 1900 – Oxford, 1981). Zelulen metabolismoari buruzko ikerketengatik Nobel saria irabazi zuen 1953an.  v  Krebbs-en zikloa. Biokim. Landare eta animalia eukariotoen zeluletako mitokondrietan gertatzen den oxidazio metabolismoaren erreakzio sekuentzia, haiek bizitzeko behar duten energiarik gehiena ekoizten duena. Azido zitrikoaren zikloa edo azido trikarboxilikoaren zikloa ere deitzen zaio. Karbohidratoak, proteinak eta koipeak azido pirubikoan (CH3COCOOH) transformatu ondoren, azken hau karbono dioxido, adenosin trifosfato (ATP) eta beste konposatu batzuetan bihurtzen da erreakzio sekuentzia luze baten bidez. Karbono dioxidoa atmosferara kanporatzen da eta ATP-ak bere egituran gordeta duen energia erreakzio metaboliko desberdinetarako erabiltzen da. Krebbs-en zikloan askotariko erreakzioak gertatzen dira: azetilazioa, deshidrogenazioa, deskarboxilazioa, oxidazioa… eta mitokondrietan dauden entzimek dute eragina horietan. Ematen duen energiaz aparte, biosintesi prozesuetan ezinbestekoak diren gai metaboliko ugari ematen ditu Krebs-en zikloak.