Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kim Jung Sam

Hego Koreako politikaria (Kojedo, 1927). Seuleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Bi urte geroago Legebiltzarreko kide hautatu zuten. Erreforma politiko demokratikoen alde egin zuen Park Chung-hee jeneralak aginpidea indarrez hartu zuenetik (1961). 1979an Legebiltzarretik bota zuten Parken gobernua kritikatzeagatik, eta hura hil zutenean aginpidea hartu zuen erregimenaren pean ere etxean atxilotuta eduki zuten bi urtez. 1987an, ikasleen eta erdiko mailako klasearen etengabeko protestei aurre eginez, Chun Doo Hwanen gobernuak erreforma demokratikoak bultzatzea erabaki zuen. Kimek (Bateratze Demokratikoaren Alderdiko buruzagi nagusi) lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua 1987an, baina Roh Tae Wook lortu zuen garaipena, Justizia Demokratikoaren Alderdiaren izenean. 1990ean, Kim Jung Samek eta Roh Tae Wook Alderdi Demokratiko Liberala sortu zuten, bien alderdiak batuta, eta beste batzuen laguntzaz. Kimek erreforma ekonomikoa eta politikoa pixkanaka egitea eskatu zuen, herriaren parte handi baten babesaz. Roh Tae Woo ez baitzen aurkeztu, berak irabazi zituen hurrengo hauteskunde orokorrak, oposizioko buru Kim Dae Jungen aurretik geldituta 1993ko otsailean hartu zuen aginpidea. Ustelkeriaren aurka borrokatu zen, eta ekonomiaren liberalizazioa bultzatu zuen, herrialdearen hazkuntza tasa handiari eutsi ahal izateko. Ipar Koreako buruzagi Kim Il Sungen heriotzaren ondoren, bi herrialdeen arteko harremanek hobera egin zuten. Kim Jung Samen ahaleginik handiena, baina, Hego Koreako agintaritza zibilen eskuetan uztea izan zen. 1997ko abenduan Ipar eta Hego Koreako ordezkariak New Yorken elkartu ziren, lehenengo aldiz 1953. urteaz geroztik. 1998ko otsailean, Kim Dae Jungek, oposizioko buruzagi historikoak, irabazi zituen hauteskundeak.