Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kim Jong Il

Ipar Koreako politikaria (Siberia, 1941). Kim Il Sungen semea eta ondorengoa. Alemaniako Errepublika Demokratikoko pilotu akademia batean eta Pyongyangeko Kim Il Sung Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Gero Koreako Langileen Alderdian sartu zen, eta aitaren idazkari gisa lanean hasi zen. 1967an aitari lagundu zion alderdian purga bat egiten, eta sei urte geroago, alderdiko propaganda saileko idazkari izendatu zuten. 1980ko Langileen Alderdiko Kongresuan, Kimek alderdiko buruzagitza lortu zuen, aitaren nortasunaren kultu estalinistari men eginez. Aitak bere oinordeko izendatu zuen. 1987an, Hego Koreako bidaiari hegazkin baten leherketan parte hartzea leporatu zioten (115 lagun hil ziren). Kim Jong Ilek bere aitaren kargu guztiak heredatu zituen hura hil baino bost egun lehenago, 1994ko uztailaren 8an. Haren agintaritzapean arrakastaz amaitu ziren Ipar Korearen programa nuklearrari buruzko negoziazioak Estatu Batuekin eta Koreako Errepublikarekin. 1996an, aitaren heriotzaren bigarren urteurrenean, herrialdeko buruzagi goren gisa aurkeztu zuten, eta 1997ko urrian, alderdiko idazkari nagusi hautatu zuen Langileen Alderdiak.