Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kikutake, Kiyonori

Japoniar arkitektoa (Kurume, Fukuoka, 1928). Tokioko Waseda Unibertsitatean egin zituen arkitektura ikasketak, 1946-1950 bitartean. Kikutakeren arkitekturak hiru fase ditu: irudia, eredua eta forma. Metabolisten taldeko kide gisa, sistema mugikorrei eta malguei buruzko ikerketa asko egin zituen, bere obrei dinamismo handiagoa ematearren. Elementu horien erabilerak, gizakiaren aldeko ingurune sistema baten bilaketarekin batera, gizakiak arkitekturaren barruan hobeto bizitzeko sistemen bilaketa dakar. 1950etik aurrera, haren obrak arkitektura molde berri batean sartzen dira, aurrerapen teknologikoei egokituta: ordenagailuak, igogailu azkarrak, sistema elektriko konputerizatuak, eta abar. Itsaspeko hiriei buruzko proiektuak egin ditu, bizitzeko makinen itxura dutenak, material berriak erabiliz eta barne egiturak agerian utziz. 1958an Sky House egin zuen, Tokion, etorkizuneko etxebizitzen eredu gisa: espazio handi bat, zerbitzu gelez inguratua. 1964an Tokoen Hotela egin zuen, Yonagon, forma zaharrak eta egungoak adostuz. 1975ean Aquapolis egin zuen, Okinawan, Nazioarteko Erakusketa Ozeanikorako. Hiriaren kanpoko estetikak ingeniaritza obra ematen du, arkitektura obra baino gehiago. Beste lan batzuk: Shimane Prefectural Museum (1959, Matsue); Izumo Shirine Administrazio eraikina (1963, Izumo); Kurumeko Zentro Zibikoa (1969); Erakusketa Unibertsalerako Dorrea (1970, Osaka); Biwako Merkataritzagunea (1976, Otsu); TK Museoa (1980-1981, Karuizawa).