Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Keaton, Diane

(Jaiotza izena, Diane Hall). Estatubatuar antzezlea (Los Angeles, 1946). Txikitatik izan zuen antzerkirako eta musikarako zaletasuna, eta hainbat antzerki taldetan ibili zen. Arte dramatikoko ikasketak egin zituen Stanford Meisnerrekin New Yorken, eta aldi berean, musika talde batean aritu zen kantari eta dantzari. Antzerkian egin zuen lehen lana Hair komedia musikala izan zen. 1968an. Woody Allen ezagutu ondoren, Seduzitzailearen ametsak lanaren antzerkirako bertsioa antzeztu zuen (1969). Hortik zinemarako jauzia 1970ean egin zuen Lovers and other strangers (Maitaleak eta beste arrotz batzuk) filmarekin. Zuzendari gisa ere lan egin du. Film labur bat du What does Dorrie want? (1982, Zer nahi du Dorriek?), eta film luze bat, Heaven (1985). Woody Allenen hainbat film interpretatu ditu: Gizon lotia (1973), Boris Grushenko-ren azken gaua (1975), Annie Hall (1977), Manhattan (1979), Hilketa harrigarria Manhattan-en (1993). Beste film batzuen artean ditu: Aitabitxia (1972), Maitasuna egiteko ehun modu (1976), Goobar jaunaren bila (1977), Reds (1981, Gorriak), Lehen emazteen kluba (1996), Marvin’s Room (1996, Marvin-en gela). Antzezle onenaren Oscar saria irabazi zuen 1977an Annie Hall filmarekin.