Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karlistaldi

iz. Karlista gerratea.    
 v  I. Karlistaldia. Fernando VII.a hil (1833-9-29) eta handik gutxira lehen liskarrak sortu zituzten Karlos Maria Isidroren aldekoek Katalunian, Euskal Herrian, Galizian, Mantxan eta Andaluzian. Hala ere, Euskal Herrian izan ziren gudurik latzenak, eta euskal gizartea bitan banatu zen; alde batekoak, karlistak, nekazari girokoak ziren eta herri txikietan bizi ziren; beste aldekoak, berriz, liberalak, hiri handietan bizi ziren. Hala ere, ez da inola ere gutxiestekoa liberal foruzaleen kopurua. Pentsaera horren emaitza nagusia Fidel Sagarminagaren “Sociedad Euskalerria” inguruan bildu zen. Zumalakarregi koronela, 1832an bere ideia atzerakoiengatik zigortua izan zena, jarri zuten Euskal Herriko karlisten gudarosteen buru. Lehen gerra karlistak nazioartean ere izan zuen eragina: hala, Austria, Errusia eta Prusia karlisten aldekoak ziren, baina ez zituzten, hala ere, Madrilgo gobernuarekin harreman diplomatikoak eten; Portugal, Ingalaterra eta Frantzia, berriz, Elisabet II.aren eta liberalen alde agertu ziren. Estatu horiek hitzarmen bat sinatu zuten Espainiarekin (1834) eta gudaroste batzuk bidali zituzten laguntzeko, Euskal Herrian borroka egin zuen Evans gudarostea, adibidez.  v  Gerraren bilakaera. Hasieran (1833 bukaeratik 1835eko erdialdera) talde txikietan antolatuta gerrilla eran egin zen gerra. Zumalakarregi egin zen jaun eta jabe Euskal Herrian, Quesada, Rodil, Espoz y Mina eta Valdes jeneral liberalak menderatu ondoren, baina hala ere, garrantzi handiko hiri bakar bat ere ez zuen hartu. Zumalakarregik Gasteizen sartu nahi zuen, liberalen estrategia apurtzeko, liberalen asmoa gatazka Euskal Herrira mugatzea baitzen, eta penintsulako beste lurraldeetatik arazoa urruntzea; alabaina, don Karlosek Bilbo hartzeko agindua eman zuen, ekonomia eta finantza baliabideetan aberats baitzen. Karlistek Bilbo inguratu zuten, baina ekinaldi hartan Zumalakarregi zauritu egin zuten, eta hil egin zen handik aste gutxitara. Haren heriotza galera handia izan zen karlistentzat, eta Bilbo hartzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Gerra aurrera joan ahala (1835eko erdialdetik 1837ko bukaerara) borrokako moduak eta taktikak aldatu ziren eta gerra irekia nagusitu zen Euskal Herrian; hala, Bilbo behin eta berriz inguratu zuten karlistek, baina ez zuten behin ere hartu. Liberalek Lutxanan (1836) menderatu zituzten karlistak, eta karlistek Oriamendin (1837) liberalak. Gerrako azken aldian (1837ko bukaeratik 1839ra) karlisten gudarostea zatituta eta indarrak ahituta zegoen, batetik, ez zutelako behar adinako baliabiderik eta, bestetik, buruzagiak ere banatuta zeudelako. Maroto jeneral karlistak, aurka agertu zitzaizkion lagunak (Guergue, Sanz, Garcia eta Carmona) fusilatu ondoren, Bergarako hitzarmena sinatu zuen Esparterorekin (1839-8-31), eta Bergarako besarkadaren bidez amaitu zen gerra Euskal Herrian. Katalunian, hala ere, 1840. urteko uztailera arte iraun zuen gerrak.  v  II. Karlistaldia (guerra dels matiners). Karlosen semea zen Montemolingo kondea Elisabet II.arekin ezkontzeko ahaleginak hutsean geratu zirenean (1846), talde armatu batzuek mendira jo zuten Katalunian, Tristany Ros de Eroles, Borges eta Vilella buru zituztela. Gerrilla eran egin zuten borroka 70.000 soldadu zituen liberalen gudaroste handiaren kontra, eta bi urtez luzatu zen gerra, bi urteren buruan menderatu baitzituzten liberalek karlista taldeak.  v  III. Karlistaldia (1872-1876). Karlos VII.aren aldekoak eta, Amedeok abdikatu ondoren, Alfontso XII.aren gudaroste liberalak borrokatu ziren. Katalunia eta Euskal Herria izan ziren gudaleku nagusiak, karlistaldi guztietan bezalatsu. Buruz buru borrokatu ziren bi gudarosteez gainera, aipatu beharrekoa da Santa Kruz apaizak, talde armatu txikien buru zenak, bere aldetik egin zuen gerriletako gerra. Hala ere, bai karlistek bai liberalek arbuiatu eta kondenatu zuten Santa Kruz, harrapatu zituen etsai batzuk fusilatu zituelako.  v  Gerraren bilakaera. Frantziaren eta Espainiaren arteko muga igaro ondoren, don Karlosen gudarosteak menderatuak izan ziren Orokietako guduan (1872-V-4). Hala ere, 1873. urtean karlistak indarberrituta agertu ziren berriro eta irabazi egin zuten Lizarran, Montejurran eta Portugaleten. Gudu haien ondoren, ia Euskal Herri guztia bere mende izan zuten, eta Bilbo inguratzea erabaki zuten (1874ko otsaila-apirila). Concha jeneral liberalaren gudarosteak, ordea, erasoaldi bat jo zuen karlisten kontra eta Bilbo inguruetatik urrunarazi zituen. Handik gutxira, ordea, Concha jeneral liberala hil egin zen Abartzuzan. 1874ko abendutik aurrera, liberalek ekin zioten erasoari. Martinez Camposek La Seu d’Urgell hartu zuen eta hantxe bukatu zen gerra Katalunian; handik gutxira, Primo de Riverak Montejurran garaile izan eta Lizarra hartu zuen (1876ko otsaila). Gudu horiek galdu ondoren Karlosek Frantziara ihes egin zuen Luzaidetik barrena eta ez zen gehiago itzuli.