Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karadzic, Radovan

Serbiar politikaria (Petnijca, Montenegro, 1945). Jugoslavia ohiko gerran Bosnia-Herzegovinako gobernuaren kontra borrokatu ziren serbobosniarren buruzagi nagusia da. 15 urte zituela Bosnia-Herzegovinako hiriburu Sarajevora joan zen familiarekin. Psikiatria ikasi zuen Unibertsitatean, eta hainbat ospitaletan lan egin zuen. Idazle gisa ere jardun zuen, eta hainbat sari jaso zituen idatzitako poemengatik. 1990eko hamarkadaren hasieran Karadzic-ek SDS Serbiar Alderdi Demokrata sortu zuen eta lehendakari izendatu zuten. Bosnia-Herzegovinak independentziaren aldeko apustua egiten bazuen, serbobosniarrak bereizi egingo zirela eta Serbiarekin bat egingo zutela mehatxu egin zuen Karadzic-ek. Bosnia-Herzegovinak independentzia erabaki eta gerra zibila piztu zenean (1992ko apirilean) Karadzic-ek Bosnia-Herzegovina barruan Serbiar Errepublikaren aldarrikapena egin zuen. Nazioarteak musulman eta kroaziarren aurkako gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik salatu zuen Karadzic. Karadzic-ek behin eta berriz hautsi zituen Nazio Batuen Erakundeak emandako ebazpenak, eta ez zuen onartu nahi izan 1994an proposatutako Bake Plana. 1995ean amore eman behar izan zuen Slobodan Milosevic serbiar agintariak egindako presioengatik. Gerrari 1995ean eman zitzaion bukaera. 1996an Nazio Batuen Justiziarako Nazioarteko Epaitegiak gerra krimenengatik epaitu zuen.