Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kapitalismo

iz. Ekoizpenaren, banaketaren eta truke bideen jabego pribatuan oinarritzen den ekonomia eta gizarte sistema.  v  Kapitalismoaren teoriak. Kapitalismoaren definizo asko eman izan da, eta horien artean asko zabaldu eta onartu da Sombart-ena; hark dioenez kapitalismoaren aurreko garaietan gizakia ahalegin eta arreta guztien zentroa zen bitartean, kapitalismoa finkatzearekin berriz aldatu egin zen haren egoera, guztiz galtzen baititu gizakiak bere balioak; kapitalismoan, ekonomia jardunaren arrazoia eta bide batez bizitzarena, kapitalaren metatzea baita. Dena den, kapitalismoa izateko nahitaezkoa da ekoizpen modu kapitalista izatea; ekoizpen modu kapitalista horren ezaugarri edo oinarrizko printzipioak ekoizpenerako eta trukerako baliabideen jabego pribatua, enpresa librea eta merkatura zuzenduriko ekonomia dira. Kapitalismoaren teoriaren arabera, eskubideen berdintasunak, ekonomia konkurrentzia guztiz libreak eta mugarik gabeko jabego pribatuak ekonomiaren aurrerapen handiena eta baliabideen ustiakuntzarik onena eragin dezakete. Kapitalismoaren eta sistema feudalaren arteko aldea lan faktorean datza, kapitalismoan langilearen eta enpresariaren arteko lotura kontratu librearen bidez finkatzen baita, eta feudalismoan berriz langilea jauntxo feudalari estuki baitzegoen lotuta. Kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko aldiz, aldiz, kapitalaren jabegoan dago, kapitalismoan jabegoa pribatua baita eta sozialismoan berriz gizartearena, estatuarena maizenik.  v  Kapitalismo hitza Karl Marx-en Das Kapital obran aipatzen da lehengoz ekoizpen modua adieraziz. Marx-entzat kapitalismoa ekoizpen modu berezi bat da, eta bertan ekoizpenean inolako funtziorik ez duen klase jabedunak (kapitalistek), langileriaren lanak sortzen duen plusbalia beretzat hartzen du. Kapitalismoaren barneko kontraesanek haren porrota ekarriko zutela zioen Marx-ek; halaber, monopolioen indarra areagotuko zela eta gehiegizko ekoizpen krisialdiak larrituko zirela zioen. Bestalde, Marx-en iritziz, kapitalistaren eta langileriaren arteko erlazio kontrajarria berezkoa da, baita klaseen arteko gatazka ere, nagusiak irabazirik handiena lortu nahi baitu eta langileak berriz ahalik eta soldatarik garaiena. Harentzat sozialismoa ekarriko zuen historiaren epea baizik ez zen kapitalismoa.  v  Kapitalismoaren bilakaera historian zehar. Kapitalismoa Ameriketako aurkikundearekin batera hasi zela esan daiteke, garai hartan hasi baitzen Indietako merkataritza; Europak gai landuak eta esklaboak esportatzen zituen, eta Ameriketatik metal bitxiak eta produktu tropikalak inportatzen ziren; horrela hasi zen Europaren eta kolonien arteko truke desorekatua eta europarren kapitalen metatzea. Hala, merkataritza kapitalismoa izenez ezagutzen dena sortu zen. Merkataritzan edo ekoizpenean ari zen gizatalde oro gremioen antolakuntzen kontrakoa eta eskubide feudalen kontrakoa zen, horiek aduanak eta bide-ordainak nonnahi jartzen baitzituzten, merkataritzaren kalterako, eta oztopoak baizik ez ziren. Askatasunaren izenean, burges pentsamoldea zuten merkatari horiek izan ziren, biztanleriaren gehiengoaren laguntzarekin, aipaturiko status quo feudalaren aurka altxatu zirenak eta industria iraultza sustatu zutenak, gero kapitalismoaren garapenerako garrantzi handia izan zuena (ik. industria iraultza). Kapitalismo klasikoaren pentsamoldea, Adam Smithek Inquiry into de Nature and Causes of the Wealth of Nations (1776, Nazioen aberastasunaren zergatiei eta izaerei buruzko ikerketa) liburuan azaldu zuen; ekonomiari buruzko erabakiak merkatu askearen pean uztea gomendatzen zuen ekonomialari ingelesak, esku ikusezina zeritzanaren pean alegia. XIX. mendean kapitalismoa ekonomia liberalismo gisa agertu zen, eta konkurrentzia librearen sistema hori Ingalaterratik Europako kontinentera zabaldu zen. Garai horretan azaldu zen halaber enpresen jabeen eta langileriaren arteko gatazka. Nahiz eta garai hartako soldatak apalak izan, irabazien metatze handiak sortu eta berrinbertsioa errazten zuten, eta era horretan berebiziko hazkunde ekonomikoa lortu zen; aldi berean, soldata apalegiek kontsumoa asko gutxitzen zutenez, gehiegizko ekoizpenaren lehenengo krisiak sortu ziren. XIX. mendearen amaieran, bigarren industria iraultzaz geroztik, kapitalismoak, oinarritzat zeukan konkurrentzia eta ekonomia askatasuna alde batera utziz, konkurrentzia leiala bertan behera utzi zuen eta monopolioak sendotzen saiatu zen. Orduan sortu ziren lehen trustak eta multinazionalak; dirudienez, talde horiek merkatu kolonialetan zuten konkurrentzia izan zen Lehen Mundu Gerra hasteko arrazoi nagusietako bat. Lehen Mundu Gerraren ondoren kapitalismoaren egoera erabat aldatu zen. Nazioarteko merkatuek behera egin zuten; urre-patroia alde batera utzi zen eta estatu bakoitzaren dibisa erabiltzen hasi zen; Europak bankaren nagusigoa galdu zuen Estatu Batuen onerako eta Afrikan zein Asian kolonien aurkako matxinadak hasi ziren. Industrietan segidan eta kopuru handietan ekoizteko asmatu ziren metodoek (taylorizazioak) berebiziko bultzada eman zion industria kapitalismoari; aldi berean langileriak zenbait eskakizun bete zekizkion lortu zuen: aseguru sozialak eta lanorduen gutxitzea, adibidez. 1920 ondoko urteetan bizi izan zen itxurazko oparotasunaren ostera, 1929. urtean izan zuen kapitalismoak lehen krisi handia, eta ondoren depresio handia etorri zen; kolpe gogorra izan zen kapitalismoaren aldekoentzat. Krisia gainditzeko kapitalismoaren printzipioak alde batera utzi, eta estatuaren esku hartzea onartu zen. Keynes izan zen krisia gainditzeko sektore publikoak motor papera egin behar zuela gehien bultzatu zuen ekonomialaria. Hala, gastu publikoaren bidez krisia gainditu zen arren, depresio handiak faxismoen gorakada erraztu zuen, eta horren ondorioz gertatu zen Bigarren Mundu Gerra.  v  Gaur egungo kapitalismoa. Bigarren Mundu Gerraz geroztik kontsumo gizarte alderako joera izan du kapitalismoak, sistema horrek probetxua atera izan dion hirugarren industria iraultzari esker; industria iraultza berri horretan ordea, herrialde garatuenek soilik izan dute parte, hots, Estatu Batuek, Japoniak eta Alemaniak batez ere. Herrialde aberats horiek multinazionalen bitartez herrialde garatu gabeetan kokatzen dituzte beren fabrikak eta langileria esplotatzen dute; kolonialismo berri bat sortu da, beraz, neokolonialismo izendatzen dena. Kapitalismoak izan duen lorpenik garrantzitsuentzat har daiteke, berrikuntza teknikoei etengabeko kapital metatzea aplikatuz, oraindaino inoiz ikusi ez den hazkunde ekonomikoa izan baita. Bestela, bizitza maila igo dela egia izan arren, ezinbestekoa da aipatzea ez dela, beste arazo batzuen artean, mundu osoan gosearen arazoa konpondu. Iparralde garatua eta hegoalde garatu gabea elkarren kontra jarri ditu kapitalismoak. Aurrerapen teknologikoak bi eremuak bereizten dituen aldea handitu du; oinarrizko jabegoaren printzipioa zabaldu ordez, aberastasunak gutxi batzuen eskuetara bildu dituzte, langile masa gero eta handiago baten kalterako.  v  Gaur egun badirudi sistema kapitalista eta sistema sozialista hurbiltzen ari direla, estatu kapitalistetan estatuaren esku hartzea areagotu baita, aseguru sozialaren, planifikazioaren, errenta hobeto banatzeko zerga sistemen eta abarren bidez; horrek teoria marxista zalantzan jarri du, kapitalismoak egoera desegokien aurrean duen moldatzeko ahalmena argi eta garbi ikusten baita. Badirudi ekonomia mistorako bidea ari dela zabaltzen.