Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kapital 1

iz. Zorra osatzen duen diru kopurua. || Norbaitek duen dirua edo diru bihur daitezkeen ondasunen multzoa.  v  Ekon. Norbaitek duen dirua, edo diru bihur daitezkeen ondasunen multzoa, etekinak edo ondasun berriak ekoizteko xedatua. Ekonomia klasikoan kapitala hiru ekoizpen faktoreetako bat da, lanarekin eta lurrarekin batera.  v  Ekonomian kapital hitzak esanahi ugari dituen arren, beti definitzen da stock gisa, metaturik edo bildurik den kopuru bat balitz bezala alegia. Zentzu zabalean kapitala ekoizpen sistema baten sarrerek edo inputek osatzen dute, bai input materialak edo ez-materialak, bai giza inputak. Kapitalaren beste definizio erabilgarriago batek dioenez, kapitala enpresek ekoizpenerako metaturik dituzten ondasunen multzoa da; zentzu horretan bi kapital mota bereizten dira: alde batetik, finantza kapitala edo diru kapitala, inbertsioetarako erabiltzen den baliabide ez materiala; eta bestetik kapital fisikoa edo kapital ondasunak, ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko erabiltzen diren makineria eta hornidura. Beste sailkapen baten arabera kapitalaren baitan kapital finkoa eta kapital zirkulatzailea bereizten dira; kapital finkoa ondasunak ekoizteko tresnez osatua dago, eraikuntzak eta makineria adibidez. Kapital zirkulatzailea aldiz, kontsumorako bidean diren ondasunak dira, lehengaiak, erdi bukaturiko ondasunak edo edukiak adibidez. Ez da nahastu behar azken bereizketa hori Marx-ek egin zuen kapital aldakorraren (eskulanaren ordainketa) eta konstantearen (hornidurak eta edukiak) artekoarekin, Marx-en kapitalari buruzko analisia beste era batekoa baita.  v  Marx-entzat kapitalak, balio materialaz gainera, trukerako balioa ere badu. Teoria marxistaren arabera kapitala forma asko izan ditzakeen balioa baino ez da: dirua, etxebizitzak, lehengaiak, etab.; forma horietako bakoitza kapital bilakatzen da, baldin eta jabego pribatuaren eskuetan izanik plusbaliarik sortzen badu.  v  Kapital ondasuna. Ekoizpen prozesuan parte hartzen duten ekonomia ondasunak; kontsumo ondasunek ez bezala, ez dute giza beharrik asetzeko helburua. Tresneria, makineria eta eraikuntzak adibidez kapital ondasunak dira.  v  Kapital moldaketa edo kapital eraketa Ekonomia batean ekitaldi baten hasieran den kapitalaren eta bukaeran den kapitalaren arteko diferentzia aktiboetan egiten den inbertsio garbia da. Kapital moldaketa gordinak balio galera edo amortizazioa hartzen du kontuan, eta kapital moldaketa garbiak berriz ez.  v  Kontabilitatean kapitala enpresaren balantzearen pasiboan edo finantza egituran izaten den kontua da, akziodunek edo enpresaren jabeek enpresan inbertiturik duten diru kopurua alegia.