Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kapital, Das

Karl Marx alemaniar ekonomialariaren obrarik garrantzitsuena. Hiru aletan argitaratu zen, 1867, 1885 eta 1894. urteetan; azken biak Engels-ek idatzi zituen Marx-ek idatzitako eskuizkribu batzuen gainean oinarriturik. Obran Marx-ek sistema kapitalistari buruzko teoria, haren dinamika eta Marx-en ustez kapitalismoak bere kasa egingo zuen hondamendirako bidea aztertu zituen. Das Kapital liburuaren parte handi bat plusbalia kontzeptuaz dago idatzia. Marx-ek dioenez sistema kapitalistan lana, edo Marx-ek esaten duen bezala, lan indarra ez da beste salgai bat baino eta haren balioa langileak bizitzen jarraitzeko behar dituen produktuak edo iraupen bideak ekoizteko beharrezkoak diren lan orduena da. Kapitalistak langilea lan indarraren balioaren arabera ordaintzen du, nahiz eta langileak iraupen bideak ekoizteko baino denbora gehiago erabil dezakeen; hala, langileek ekoizten dituzten produktuek produktu horiek ekoiztuak izateko behar izan dena balio badute, diferentzia bat izango da lan indarrak lorturiko produktuen balioen eta lan indarraren balioaren artean; diferentzia horri Marx-ek plusbalia esaten dio. Obraren bigarren eta hirugarren aleetan Marx-ek sistemak oso-osorik hartuta dituen arazoez idazten du: krisi kapitalistei buruz eta kapitalaren interesari buruz besteak beste.