Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kanza, Lokua

Kongoko kantari eta musikagilea (Bukavu, 1959). Solfeo, harmonia eta gitarra klasikoa ikasi zituen gaztetan. Kantu herrikoi eta folklorerako grina berezia du, eta tradizioan oinarritutako kantetan jarri izan du gehienbat interesa. Musikari garrantzitsu askorekin lan egin du, gitarrista edo kantari bezala: La Reine Abeti, Ray Lema, Angélique Kidjo, Julia Sarr, Didi Ekukuan, Papa Wemba, Patrick Bruel eta Pedro Guerrarekin, besteak beste. 1984an Parisera joan zen bizitzera. 1993an argitaratu zuen lehen diskoa: Mutoto edo Lokua Kanza. Lan horrekin Boli Kostako Disko Afrikar Onenaren Saria jaso zuen 1994an.