Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kantabria

Espainia iparraldeko lurralde eta probintzia bakarreko autonomia elkartea, Iberiako ordokiaren eta Kantauri itsasoaren artean dagoena. Mugak: iparraldean Kantauri itsasoa, mendebalean Asturias, hegoaldean Gaztela-Leon, eta ekialdean Bizkaia. Hiriburua: Santander (189.069 biztanle, 1991). Hiri nagusiak: Torrelavega, Camargo, Castro Urdiales, Laredo, Reinosa eta Santoña. 5.289 km2 eta 510.816 biztanle (1991, 96,6 bizt./km2-ko).  v  Orografia. Lurralde menditsua da. Mendebalean Picos de Europa mendiak daude, eta barnealdean Kantabriako mendiak hedatzen dira mendebal-ekialde. Kostaldea laua da. Zentral hidroelektriko ugari dago bere ibaietan: Deva, Nansa, Besaya, Asón eta Híjar (Ebro ibaiaren adarra). Kantabriako gailur garaienak Peña Prieta (2.536 m) eta Peña Sagra (2.042 m) dira.  v  Klima. Ozeanikoa, epela eta euritsua. Baso ugari: haritza, pagoa, pinua eta eukalitua.  v  Ekonomia. Lurpeko aberastasunak ugari dira: burdina, zinka eta beruna. Ontzigintza, burdingintza, eraikuntzarako gaiak, gai kimikoak, petrolio findegia eta zurgintza. Espainiako estatuarentzat garrantzi handikoa da lurralde honetako abeltzaintza, haragi eta esne behi azienda, batez ere.  v  Biztanleria. Biztanle gehienak itsasertzeko herrietan eta hirietan bizi dira; herena baino zertxobait gehiago hiriburuan, Santanderren. Nekazari herrietako biztanleria urritzen ari da.  v  Historia. Kantabria indoeuroparren lurraldea izan zen baina erromatarrek konkistatu zuten K.a. I. mendean. Kantabriarren eta erromatarren arteko gerrek K.a. 29. urtetik K.a. 19. urtea arte iraun zuten; haietan jardun zuen Augusto enperadoreak. Kantabriarrek aurre egin zieten bisigodoen eta musulmanen erasoei eta lortu zuten burujabetasuna gordetzea. Erdi Aroan Leongo erreinuari lotu zitzaion, eta baita Gaztelakoari ere. Gaur egun, lehen Santander zea osorik hartzen du Kantabriak.