Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kansu

Txinako probintzia, Txinako Herri Errepublikaren ipar-mendebalean. 450.000 km2. 19.750.000 biztanle (1983). Mugak: iparraldean Mongoliako Errepublika, hegoaldean Tsinghai eta Szechwan-go probintziak, ekialdean Ningsia Hui Lurralde Autonomoa, Shensi probintzia eta Barne Mongoliako Lurralde Autonomoa, eta mendebalean Sinkiang Uighur Lurralde Autonomoa. Hiriburua: Lan-txu. Mendi garaien arteko sakana bat eratzen du: mendebalean Nan-shan mendiak daude; hego-ekialdean Txin-lin; ipar-mendebalean Pei Shan. Lurrikara askoko eskualdea da: historian zehar asko izan dira, baina larriena 1920an gertatu zen (250.000 pertsona inguru hil ziren). Kontinente barruko klima du, udako eta neguko tenperaturen artean alde handiak dituela, eta oso euri gutxi (25-50 mm urteko). Biztanle gehienak han leinuko txinatarrak dira (% 80) baina badira mongolak, tibetarrak, uighurrak, etab. Historian zehar oso lurralde pobrea izan da, gosete luzeak pairatu dituena. 1950etik aurrera aurrerapen handia izan du industriak. Nekazaritzan gari, basarto, kaoliang, barazki, fruitu, tabako eta kotoia landatzen dira. Abere hazkuntzan ardiak, behiak eta gameluak hazten dira. Kansuko aberastasun iturri nagusia, ordea, meatzeak dira: petrolio hobiak, ikatz meatzeak eta burdina meatzeak. Kansuko arroa estua Hoang Ho ibaiaren behe arroaren eta Txinako mendebalaren bitarteko bide izan da mende askotan.