Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kant, Immanuel

Alemaniar filosofoa (Königsberg, 1724 - Königsberg, 1804). Gizon baketsua eta lasaia zen, eta oso neurritsua. Guztiz osasun ona ez bazuen ere, nekaezineko langilea izan zen beti. Ez zen ia inoiz Königsberg-etik atera, uste baitzuen bidazti ibili gabe ezagutu daitekeela mundua. 1740an teologia ikasten hasi zen unibertsitatean baina matematika eta fisikarekin, Newton-ena batez ere, zaletu zen. 1746-1755 bitartean familia bateko maisu gisa aritu zen lanean, doktoretza (Suaren inguruan) egin zuen arte. Hamabost urtez irakasle izan zen unibertsitatean, eta ospe handia lortu zuen. 1760tik aurrera Leibnitz-en filosofiaren kritika, garai hartan alemaniar unibertsitateetan nagusia zena, egiten hasi zen. 1770an logika eta metafisikako katedra lortu zuen, eta hasi zen bere teoriak moldatzen.  v  Kanten filosofia sistema ezagutzaren kritikatik sortu zen. Kritika hori Kanten bi obra handitan banatua ageri da: Kritik der reinen Vernunft (1781, Arrazoi hutsaren kritika), eta Kritik der praktischen Vernunft (1788, Arrazoi praktikoaren kritika). Aurrenekoan formaren ezagutzak nola eraman dezakeen jakintzaren materiaren ezagutzara aztertu nahi zuen Kantek. Ezagutza sintesi prozesu bat zela zioen; prozesu horretan adimenak ematen du forma eta bizikizunek berriz materia; bi horien arteko batasuna irudimenaren bidez egiten da, irudimena ahalmen sortzailetzat hartzen baitzuen Kantek. Arrazoia bizikizunetatik etorri ezin diren kontzeptuei aplikatzen zaienean, hala nola Jainkoari edo arimari, arrazoiaren ilusioak sortzen dira, espekulazio direnak. Hori dela eta, Kantek ukatu egiten zuen tradizioko metafisikak gai horietan baliorik izan zezakeenik. Kritik der praktischen Vernunft obran eman zuen aditzera bere dotrina etikoa, eta haren gainean oinarritu zuen, metafisikaren espekulazioetara jo beharrik gabe, antolamendu transzendental bat badelako froga. Bere azken obra handian, Kritik der Urteilskraft (1790, Juizioaren kritika), Kantek bere teoria morala edertasunaren eta xedearen nozioen analisiaren bitartez osatu zuen, nozio horiek bizikizunetatik abiatuta azaldu ezin diren arren. Kanten obrak eragin handia izan du Sartaldeko filosofian, Alemaniako filosofian batez ere, materialismoan eta positibismoan. ik. neokantismo.