Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kane, Cheikh Hamidou

Senegaldar idazlea (Matam, 1928). Zuzenbide eta filosofia ikasketak egitera Parisa joan zen. Ikasketak egiten zituen urte horietan, bere herrialdearen etorkizunari eta Afrika beltzaren eta mendebaldeko modernismoaren arteko balio tradizionalen aurkakotasunari buruzko gogoeta egin zuen. 1959an Senegalera itzuli zen eta garrantzizko kargu politikoak izan zituen. 1961ean L'Aventure ambiguë eleberria argitaratu zuen. Lan hori aldez behintzat autobiografikoa da: pertsonaia nagusia gazte bat da, islam beltzaren tradizioen eta frantses kulturaren artean bizi dena. Lan horretan egileak xake jokoko piezak balira bezala erabiltzen ditu pertsonaiak, zuriak eta beltzak aurrez aurre jarrita. Lan horrek arrakasta handia eman zion egileari, baina idazteari uzteko erabakia hartu zuen, arrazoirik argitu gabe. 1995ean argitaratu zuen bigarren lana, Les Gardiens du temple (Tenpluko zaindariak). Lan horretan ere, Afrikak modernismorantz daraman bide mingarriari buruzko gogoeta egiten du Cheikh Hamidou Kanek.