Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kandisnky, Wassily

Errusiar margolaria eta marrazkilaria (Mosku, 1866 - Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944). Arte abstraktuaren sortzaileetako bat izan zen. Ekonomia eta zuzenbide ikasketak egin zituen Moskuko unibertsitatean. 1889an unibertsitateak bidaia etnografiko bat antolatu zuen Vologdako probintziara; itzultzean herri margolaritzako eta antzeko lanak ekarri zituzten, eta zirarra handia eragin zioten haiek Kandinskyri. Garai hartan bestalde Rembrandt-en obrak ezagutu zituen San Petesburgoko museoan. 1896an zuzenbide irakasle postua utzi zuen Dorpart-eko unibertsitatean (Estonian), eta margolaritza ikastera joan zen Munich-era. Han Paul Klee ezagutu zuen, eta sinbolismorantz lerratu zen. Garai hartako lehen obrak estilo inpresionistako paisaiak dira; gero fauvismoari jarraitu zion, eta azkenik bere estiloa ondu zuen, abstrakzio hutsera eraman zuena (1910). Europan eta Tunisian ibili zen, eta 1906an Paris bisitatu zuen. Munichera itzuli eta Der Blaue Reiter taldea eratu zuen, arte modernoaren garapenean garrantzi handia izan zuena. 1914an, gerra hasi zenean, Errusiara itzuli zen, eta han, iraultza ondoren, gobernu berriaren lankide izan zen; Moskuko akademiako irakasle eta Margolaritza Kulturako museoaren zuzendari izan zen. 1920an Moskuko unibertsitateko irakasle izendatu zuten eta 1921ean Errusiako Arte eta Zientzietako akademia sortu zuen. Baina gobernu komunistaren dogmatismoak, arte ederretan errealismo sozialista baizik ez baitzuen onartzen, Alemaniara itzultzera behartu zuen askatasun bila. Weimar-en Bauhaus-eko irakasle izan zen 1922tik 1933ra, eta han argitaratu zuen Punkt und Linie zu Fläche, bere irakaspenak laburtzen zituen liburua. Garai hartan konstruktibismoa ezagutu zuen, eta forma geometrikoak lantzen hasi zen. 1933an Gestapoak itxi egin zuen Bauhaus-a eta Kandinskyk Nevilly-sur Seinen hartu zuen egoitza, Paristik gertu. Alemanian egin zuen azken obra (Garapena marroi kolorean), naziek sortutako gizarte militarraren kritika zen. Garai horretan estilo berri bat moldatu zuen, Munich-eko estilo organikoaren eta Bauhausko estilo geometrikoaren arteko sintesia zena. Aliatuak Parisen sartu eta geroxeago hil zen.  v  Eragin handia izan du Kandinskyk XX. mendeko artean. Hauek ditu obra nagusiak: Zaldun Urdina (1903), Gaua (1907), Murnauko kalea emakumearekin (1908), Mendi Urdina (1908), Lerro beltzak (1913), Segmentu urdina (1921), Baiezpen arrosa (1932), Garapena marroi kolorean (1933), Dominante morea (1934), Dominante kurboa (1936), Moderazioa (1940), Zirkulua eta koadroa (1943).