Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Juvenal

(Lat. Decimus Iunius Iuvenalis). Erromatar poeta (Aquino, Apulia, 60 - 127). Erromako poeta satiriko ospetsuena izan zen. Europako mendebaleko hizkuntza askotara igaro da hark idatzitako sententzia ugari, panem et circenses («ogia eta zirkua», herri xehearen nahikeria adierazten duen esapidea) eta mens sana in corpore sano («gogo garbia gorputz garbian», gizabanakoaren orekaren neurria adierazten duen gogoeta) esapideak besteren artean. Domiciano enperadorearen administrazioan leku bat ukatu ziotela, eta satira bat idatzi zuen berrogei urte inguru zituela gortearen inguruko lagunkeriaren aurka; Egipto aldera erbestaratu behar izan zuen, eta jabetza guztiak galdu zituen. Domiciano hil ondoren (96), Erromara itzuli eta hango aberatsek eskainitako babesari esker bizi izan zen hil arte. Berrogei urte zituela hasi zen Satirak idazten, hamasei satira bost liburutan banatuak. Lehen satirek garai hartako bizioak hartzen dituzte gaitzat eta azkenekoetan moralismoa nagusitzen da. Antzinako Erromaren handitasuna, bizi zuen garaiko ustelkeriaren aldera, goraipatu zuen behin eta berriro bere idatzietan. Juvenalen Satirak inspirazio iturri izan ziren ondoko garaietan eta Giovanni Bocaccio italiarra, Jonathan Swift irlandarra eta Samuel Johnson ingelesa daude haren jarraitzaileen artean.