Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joffre, Joseph-Jaques-Césaire

Frantziako mariskala (Rivesaltes, Ipar Katalunia, 1852 - Paris, 1931). Frantses armadako buruzagi nagusi izan zen Lehen Mundu Gerran eta Le Vainqueur de la Marne (Marneko garailea) izenez ezaguna da Frantzian. Parisko hiriaren defentsan jardun zuen 1870-1871 urteetan eta Indotxinan, Afrika Mendebalean eta Madagaskarren aritu zen ondoko urteetan. Frantziako armadako estatu nagusiko buruzagi hautatu zuten 1911. urtean eta Lehen Mundu Gerra hasi zenean, haren esku geratu ziren mendebaleko armada frantses-britainiarra. Marneko lehen galeraren ondoren (1914ko abuztua) asmatu zuen kontraerasoan (1914ko iraila) guztiz galarazi zien oste alemaniarrei Parisen sartzea eta Atlantikorako bidea. Frantziako armadako buruzagi nagusi izendatu zuten 1915ean eta kritika latzak jaso zituen Somme-ko guduaren ondoren (1916). Izugarrizko galerak izan ziren frontearen bi aldeetan, bostehun mila gizonetik gora hil baitziren. Ondoren agintaritza nagusia utzi zuen eta mariskal izendatu zuten 1917an. Obra militar bat (1920, La Préparation de la guerre et la conduite des opérations 1914-1915; Gerraren prestaera eta erasoaldien gidaritza, 1914-1915) eta oroitzapen liburu bat (Mémoires, 1932an argitara emana) idatzi zituen.