Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jiddah

edo Jeddah. (Eusk. «arbaso edo amona»). Saudi Arabiako mendebalean dagoen itsas portua, Itsaso Gorriaren ertzean (Makkah herrialdea, Hejaz lurraldean). 1.500.000 biztanle (1983; arabiarrak, indiarrak, persiarrak…). Mekarako igarobidea da eta jende asko izaten da bertan. Saudi Arabiako bigarren hiri garrantzitsuena da, estatu hartako portu eta industriagune nagusia (petroleo findegiak, zementu lantegiak, altzairugintza, burdingintza, kimika lantegiak). Abdel Aziz Erregearen Unibertsitatea. Saudi Arabiako diplomaziaren hiriburua da.  v  Historia. Uthman kalifak sortu zuen hiria 646. urtean, Itsaso Gorria Mekarako bidean gurutzatu behar zuten erromes musulmanei laguntzeko. Merkatari hiri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan eta otomanoen mendean egon zen urteetan. 1916. urtean oste britainiarren esku geratu zen hiria, Hejazko erresumako hiria izan zen arte (1925). 1927an, Hejaz eta Najd lurraldeen gaineko eskua ezagutu zieten britainiarrek saudiarrei, Jiddah-ko hirian izenpetu zen hitzarmenaren arabera, eta Jiddah Saudi Arabiaren barnean geratu zen. 1947an erautsi zituzten Jiddah-ko harresiak eta izugarri hazi eta handitu da hiria geroztik. Tradizioaren arabera, Jiddah-ko hirian zegoen Eba Bibliako lehen emakumearen hilobia. 1928an suntsitu zuen Saudi Arabiako gobernuak monumentu hura, sineste hori herriko jendearen artean gehiegi zabaltzen ari zelakoan.