Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jacquemin, André

Frantses grabatzailea (Épinal, 1904 - 1992). 1919an bere herria utzi eta Parisera joan zen. 1921-1923 bitartean Arte Ederretako eskolako ikasle izan zen. Berehala hasi zen, ordea, lanean bere kasa. Zuzenean marrazten eta grabatzen zituen izaditik hartutako ereduak, bere sentsazioak eta inpresioak xaflara eramanez, eta horrek sentiberatasun eta egiazkotasun berezia ematen diote bere lanari. Inoiz ez zuen marrazkirik paperean egiten. 1953-1974 bitartean, Épinaleko museoaren kontserbadore izan zen; erretiratu eta Parisera joan zenean, Arte Ederretako Akamediaren kide aukeratu zuten, eta 1989an lehendakari. Jacqueminek era guztietako gaiak erabili zituen bere grabatuetan: erretratuak, animaliak, biluziak, izadi hilak, etab. Baina paisaietan gailendu zen batik bat, elurrez estalitako paisaietan bereziki. Paisaia horiek halako izadiaz gaindiko kutsu bat dute, inork ez du berak bezala paperaren zuria elur bihurtzea lortu, loditasunaren tankera emanez eta eremuen isiltasuna sentiaraziz. Ilustratzaile gisa ere aritu zen, eta, besteak beste, Coletten, Bernanosen eta Malrauxen lanak apaindu zituen. Teknikari dagokionez, baliabide tradizionalak erabili zituen soilik: zizela, punta lehorra eta akuafortea.