Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Isou, Isidore

Frantses idazlea, jatorriz errumaniarra (Botosani, 1925). 1946an letrismoa sortu zuen: mekanika estetikoaren helburua, osagai ahostun bereziak, letrak, sortzea duen artea. Definizio hori La Dictature lettriste lanean azaldu zuen. Isouren nahia zen errealismoa ordezkatzea, antzinako abangoardien ikerketak areagotzen duen esperimentazio baten bidez, bai literaturan, bai antzerkian, bai musikan eta zineman. Baina zailtasunak izan zituen letrismoa benetako poetikarantz bideratzeko, eta 1952an higikundea aldaketa estetiko-iraultzaile bat bilakatu zen. Bere lan letristak eta eleberri erotikoak alde batera utzita, hainbat saiakera lan egin zituen. Lan horietan gerraondoko poetikaren nahasaldiaren behatzaile kritiko azaldu zen Isou: Les Véritables Créateurs et les Falsificateurs de Dada, du surréalisme et du lettrisme (1973, Dadaren, surrealismoaren eta letrismoaren benetako sortzaileak eta faltsifikatzaileak). Horrez gainera, zenbait film esperimental egin zituen; horien artean aipatzekoa da Traité de bave et d'éternité (1951, Pozoiaren eta betikotasunaren hitzarmena).