Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iruñea

Nafarroako Foru Erkidegoaren hiriburua, Arga ibaiaren ertzean, herrialdearen erdialdean (Iruñerria eskualdea). Nafarroako eta Euskal Herriko antzinako hiriburua da. Mugak: Ezkabarte eta Antsoain, iparraldean; Atarrabia, Burlata, Eguesibar eta Aranguren, ekialdean; Oltza, mendebalean; Zizur eta Galar, hegoaldean. Altuera, 449 m. 25,10 km2 eta 197.275 biztanle (8.376,85 biztanle km2-ko, 2008) (iruindarrak).  v  Orografia eta klima. Iruñea mendiz inguratua da: iparraldean San Kristobal (892 m) eta Miravalles (597 m) mendiak eta hegoaldean Perdon mendizerra (932 m), Tajonar (668 m) eta Malkaiz mendiak. Arga da Iruñeko ibai nagusia. Ekialdetik mendebalera zeharkatzen du Iruñea eta udalerriko eremuetan Xulapain eta Elortz erreken ura biltzen du. Klima hezetik lehorrerako erdidibidean dago; iparraldean haran hezeak badira ere, klima mediterranear-kontinentala da nagusi Iruñetik behera. Nahiko euria egiten du urtean zehar (800-1000 mm). Tenperaturak, aldiz, Euskal Herriko gainerako hiriburuetakoak baino garaiagoak dira uda aldean (askotan 25 °C-tik gora) eta hotzak neguan (0 °C-tik behera sarritan).  v  Hizkuntza. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago Iruñea, eta euskara partzialki baino ez da ofiziala. Edonola ere, Iruñeko berezko hizkuntza euskara da, gaurko egunean erdara nagusi den arren (euskaldunak, % 8,1 eta ia euskaldunak, % 10,7, 2001ean). XVIII. mendea arte izan zen euskara nagusi iruindarren artean, eta hegoaldeko goi-nafarrarera zen bertako euskalkia. Erromantze hizkuntzak hitz egin dira XII. mendetik aurrera Iruñean, gaskoiera (etorkin frankoek eramana) eta arian-arian nagusituz joan den gaztelania. XIX. mendean, bizkor erdaldundu zen Iruñea, inguruko herri txikien aldean, eta euskal sustratu nabarmena zeukan hizketa moldea nagusitu zen herri hizkeran. XX. mendean barrena galdu zen, neurri handi batean, hizketa molde hori.  v  Hiriaren bilakaera eta demografia hazkundea. Azken urteotan zertxobait baretu da 1960. urtetik aurrera hasi zen biztanleriaren hazkundea; hala, 2000. urtean Iruñeak 184.145 biztanle zituen, 1981eko kopuru bertsua. Nolanahi ere, berrogei urteren buruan bikoiztu egin zen Iruñearen biztanleria, 97.000 biztanle baitzituen 1960. urtean. Horren ondorioz, etengabe joan da handitzen hiria, hirugunearen inguruan dituen lur lauez baliaturik eta hiriburuaren ondoko udalerriak ere hartuta (horietako gehienek beren nortasunari eutsi diote, halere, hirian txertatuta egon arren). Bereziki aipatzekoak dira Mendillorri, 1998an Iruñera bildutako udalerria, 1990eko hamarraldiko Iruñearen hazkundegune garrantzitsuenetakoa izan zena; Etxabakoitz auzoa, AHTren geltokia ezartzeko aukeratutako eremua; eta azkenaldiko garapen urbanistikorik garrantzitsuena egin den auzoa, Lezkairu, horixe izango baita hiriaren III. Zabalgunea. Azken urteetako krisia dela-eta, ordea, arazo handiak sortu dira Lezkairun, 2007az gero auzo horretan eraikitzen ari diren etxebizitzak saltzeko zailtasun handiak izango baitira.  v  Hego Euskal Herriko gainerako eskualdeetan bezalatsu, inguruan dituen udalerriekin osatzen duen eskualdeak definitzen du gaur egun Iruñearen benetako errealitatea zerbitzuei, azpiegiturei, garapen urbanistikoari eta dinamika sozioekonomikoari dagokionez. Iruñearen hazkundean zerikusi handia izan du Nafarroa osotik erakarri duen jendetzak, baita atzerritarrek ere. 2000. urtean, esate baterako, Nafarroako beste udalerri batzuetan jaioak ziren Iruñean bizi zirenen % 21, eta 2008an hainbat auzotan ziren biztanleen % 15etik gora atzerritarrak.  v  Ekonomia. Ekonomiari dagokionez, zerbitzu hiria da Iruñea, eta jarduera horretan ziharduten lanegilen % 68,05ek 2001ean; hurrengo jarduera aipagarriena industria da (% 30,86, 2001). Jarduera ekonomiko berriei dagokienez, garapen industrial berririk ez da aurreikusten, eskualde mailakoak ez badira. Aitzitik, egun industria tradizionalari emanda dauden hainbat gunetan eduki teknologiko handiko jarduerak kokatzea proposatzen du egitasmoak.  v  Kulturari eta zerbitzuei lotutako azpiegitura handiei dagokienez, nabarmentzekoa da Baluarte izeneko Kongresuen Jauregi eta Auditorioa, hiriaren erdi-erdian, 2003. urtean inauguratua; Arga ibaia eta horren ertzak berreskuratzeko sortutako Argako Ibai-parkea, bere 590.000 m2-rekin hiriko parkerik handiena dena; eta Planetarioa.  v  Artea. Iruñea (Pompaelo latinez) erromatarren mende egon zen K.a. I. mendetik K.o. IV. mendea arte eta oparotasun handian bizi izan ziren bertako biztanleak Kristo ondoko lehen bi mendeetan (galtzada zabalak, jauretxe dotoreak,…). III. mendean, herri germaniarrek suntsitu egin zuten Pompaelo hiri aberatsa (garai hartako mosaikoak, txanponak, eskulturak eta zeramikak aurkitu dira). Hiria berreraikitzen hasi ziren baina etxeak, kaleak, eta abar askoz ere apalagoak ziren eta V. mendearen hasieran berriro ere bipildu zuten Iruñea herri germaniarrek eta, beraz, garai hartako monumentu artistikorik ez da heldu gaurdaino. 778. urtean suntsitu zituen Karlomagnok harresiak. Nafarroako arte monumentu handienetako bat Iruñeako katedrala da. XI. mendean hasi ziren eraikitzen eta arte estilo desberdinak bereiz daitezke bertan eta inguruko arkitektura multzoetan (erromanikoa, gotikoa, platereskoa, barrokoa, rococoa eta neoklasikoa). Estilo gotikoa da nagusi (XIV-XV. m.), XI. mendeko tenplu erromaniko baten gainean eraiki baitzen egungo katedrala. Aipagarriak dira XIV. mendeko klaustro gotikoa, Karlos III.aren eta  haren emazte Leonor Trastamarakoaren mausoleoa (XV. m.), hainbat apezpikuren hilobiak, XIII-XV. mendeetako ateak eta XIII-XIV. mendeetako horma-pinturak. Aipagarriak dira, halaber, San Zernin edo San Saturnino eliza erromanikoa (XIII. mendearen bukaera, XIV. mendeko klaustro gotikoa), San Lorentzo parrokia eliza (XIV. m.), San Agustin eliza (XIV-XVI. m.), San Nikolas parrokia eliza jatorriz erromanikoa, agustindar errekoletoen eliza (XVII. m.), karmeldarren komentua (XVII. m.), San Fermin eliza (XVIII. mendearen hasiera), Artzapezpikuaren jauregi barrokoa (XVIII. m.), San Nikolasko ate barrokoa (XVII. m.), Ezpeleta edo Nafarreriako jauregi barrokoa, San Inazio basilika, San Martin basilika (XV-XVIII. m.), San Pedro eliza, harresiz kanpo (XVIII. m.), Santa Engrazia monasterio gotikoa (XIII. m.), Santo Domingo komentu eta eliza (XVI. m.), Nafarroako museoaren egoitza (XVI.), San Joan Bataiatzailearen apaizgaitegia eta XX. mendeko San Migel Arkaingeruaren parrokia eliza. Eraikuntza zibilei dagokienez nabarmentzekoak dira Arga ibaiaren gaineko Miluze zubi erromanikoa, San Pedroko Errege jauregia (XII. m.) eta Errege-ordeen jauregia (Artzapezpikutegia), Comptoen Ganbera (XIII. m.), Ciudadela edo murru gotorra (XVI. m.), Nafarroako foruen omenez eginiko monumentua, Redin-Cruzat jauregia (XVII. m.) eta XVIII. mende erdialdeko udaletxea (XX. mendean eraberritua).  v  Historia. Badirudi Iruñeko lehen hirigunea K.a. II. mende aldera eraiki zela eta iparraldeko baskoien hiri nagusia zela hasieran, beste hirigune baskoi garrantzitsu batzuk baitzeuden Ebro ibaiaren ertzean (Calahorra, nagusiki). Iruñea herri migrazio desberdinen igarolekua izan zen hasieran eta K.a. I. mendean egokitu ziren bertan erromatarrak. Pompeioren armada egon zen bertan K.a. 75 eta 74 urteen bitarteko neguan eta badirudi garai hartatik aurrera egituratu zutela erromatarrek beren hiria Pompaelo izenaz (izen horretatik dator egungo Pamplona erdarazko izena). K.o. I. mendetik aurrera, Caesaraugusta edo Zaragozako hiriaren mendeko hiria izan zen Iruñea eta gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, hura baitzen Ebro ibaiaren goi arroa Kantauri itsasoarekin (Oiasso) eta Pirinio mendiekin (Orreagan barrena) lotzen zuen hiri nagusia. III. mendean suntsitu zuten Iruñea herri germaniarrek eta IV. mendean berreraiki bazuten ere, guztiz galdu bide zuen K.o. lehen bi mendeetan izan zuen distira. 409. urtean berriro bipildu zuten hiria iparraldetik etorritako herri batzuek (sueboek, bandaloek eta alanoek). VI. mendetik aurrera herri euskaldun guztien hiri nagusia zen Iruñea eta bertara zuzendu ziren maizetan frankoen eta bizigodoen konkista ahaleginak. VI. mende aldera nagusitu zen kristautasuna hirian eta bisigodoen meneko apezpikuak finkatu ziren bertan. VIII. mendearen hasieran (711), musulmanak sartu ziren Hispanian hegoaldetik, Rodrigo errege bisigodoa baskoien aurkako guduan zegoela Iruñean. Musulmanak iristearekin, berriro ere nabarmendu zen Iruñea euskaldun guztien hiri buruzagi gisa. 732an Iruñean bildu zituzten musulmanek beren osteak Galiako kanpainari bertatik ekiteko, baina gorabehera handiak izan zituzten musulmanek berek ere euskaldunei ezin eutsi zietelako. 778an Karlomagnoren armadak Iruñeko harresiak eratsi zituen eta urte horietan hasi zen osatzen Iruñeko erregetza (799). Eneko Aristak Iruñeko lehen erregeak ez zuen karolingiarren ez musulmanen aginterik onartu eta zuzenean negoziatu zuen Tuterako Kasi musulmanekin. X. mendean arras sendotu zen Iruñeko erresuma Santxo I.a Gartzeizen eskutik, baina Ab al-Rahman III.ak bipildu zuen hiria 924ean. Santxo Nagusiak apezpikuek hiri gainean zuten agintea berretsi zuen 1027an. XI. mendearen bukaeran, hiria jendeztatzeko neurri berriak hartu zituen Santxo Ramirezek (frankoen etorrera, besteak beste) eta handik aurrera egituratu ziren Iruñeko hiru hirialde historikoak: Nafarreria edo Iruñea zaharra, lehengo biztanle nafar euskaldunek osatua; San Zerningo burgo berria, frankoek (gaskoiek gehienbat) jendeztatua eta San Nikolaseko hirialde berria. Iruñeko erregeen eta apezpikuen arteko gatazkak handiak izan ziren; 1156an, Santxo Jakintsuak katedraleko harresiei eraso zien eta erbestera bidali zuen Iruñeko apezpikua. 1189. urtean eraman zuen Pedro de Paris apezpikuak San Fermin santu frantsesaren erlikia Iruñeara. XII. mendearen bukaeran areagotu ziren hiru kontzeju berezien arteko tirabirak. San Zerninen egituratu zen Iruñeko burges egitura sendoena (artisauak eta merkatariak); errezeloz hartzen zituzten haiek gainerako biztanle nafarrek. 1205ean gertatu zen Nafarreriako eta San Zerningo biztanleen arteko lehen gudua eta 1222an erre eta bipildu zuten San Zerningo frankoek San Nikolaseko herrigunea. XIII. mendean zehar, gorabehera handiak izan ziren Iruñeko herriguneetan; 1266an Iruñeko hiru herrigune nagusietako eta San Migel auzo berriko ordezkariek elkarren arteko tirabirak bertan behera utzi eta kontzeju edo udal bakar bat osatzea erabaki zuten. 1274ean, ordea, batasun horretatik alde egitea erabaki zuen Nafarreriak, eta 1276an Beaumarchais gobernadore frantsesak bere armada hartu eta guztiz suntsitu zuen Nafarreria. 1319an elizak erregearen esku utzi zuen Iruñeko hiria. Ordua arte errege-erreginak hiritik kanpo bizi ziren eta Karlos II.ak, gortea Iruñera eramateaz gainera, guztiz gotortu zuen hiria, Gaztelakoen erasoei aurre egiteko. 1386an, janari urriarengatik eta, agintekeriaren aurka altxatu zen Iruñeko herria: erregeak gogortasun handiz zapaldu zuen matxinada hura. 1423an betiko batu ziren Iruñeko hiru herriguneak eta hamar zinegotzi aukeratu ziren handik aurrera hiriaren gobernurako: bost San Zerningoak, hiru San Nikolasekoak eta bi Nafarreriakoak. Beaumontarren eta agramondarren arteko gatazka luzean, beaumontarren esku geratu zen Iruñeko hiria eta bertan bizi izan zen Vianako printzea 1456an alde egin behar izan zuen arte. 1458an Juan II.a erregekidearen esku geratu zen hiria eta Luis Beamontekoak konkistatu zuen ondoren. 1483an Katalina I.a izendatu zuten erregina Iruñean eta Cesar Borgia hautatu zuten ondoren apezpiku. 1512an Albako Dukeak konkistatu zuen hiria eta Gaztelako koroaren mendean geratu zen handik aurrera. 1514ean gaztelu berria eraikitzen hasi zen eta 1521ean, Gaztelako osteek aurre egin zioten Nafarroa Garaia berriro hartzeko asmotan osatu zen armada nafarrari. Andres Foixkoaren armadak hiria hartu eta erresistentzia handia aurkitu zuen Loiola anaiek eta Gipuzkoako soldaduek zaintzen zuten gazteluan. Nagusitu ziren nafarrak azkenean, baina Gaztelako soldaduek hiria inguratu eta nafarrek berriro utzi behar izan zuten hiria. Noaingo zelaietan garaitu zituzten gaztelauek nafarrak. 1524ean eta 1599an izurriteak jo zuen hiria. 1702 eta 1714 bitarteko urteetan, Nafarroak eta Iruñeak borbondarren alde egin zuten Espainiako erregetzarako gerran. Iruñea hiri militarra izan zen XVI. mendetik aurrera, baina kanpokoak ziren han zeuden soldaduak, iruñsemeek eta nafarrek zilegi baitzuten, foruaren arabera, milizietara ez joatea. Konbentzioko gerran, 1795ean, oste frantsesek hiria inguratu zuten eta 1808an hiriaz jabetu ziren. Gobernadore frantsesek bide gogorretik jo zuten eta Iruñeko jende askok hartu zuen gerrilla bidea. 1811n Espoz Mina gerillariak hiria inguratu zuen eta gosetea hasi zen. 1813an hasi zen tropa frantsesak erretiradan, Gasteizko galeraren ondoan, eta lau hilabete gehiagoz luzatu zen blokeoa. 1820-1823 urteetan, erregezaleek sei hilabetez setiatu zuten hiria (1823). 1829. urtean bildu ziren azkeneko aldiz Nafarroako gorteak. Lehen karlistadaren hasieran, militar liberalen esku geratu zen hiria, Nafarroako gainerako herri eta lurrak karlisten alde zeuden bitartean. Karlistek setiopean eduki zuten Iruñeko hiria Bergarako hitzarmena arte (1839). Hirugarren karlistadan, berriro ere inguratu zuten karlistek hiria 1873an. Gerraren ondoren, Iruñeko hirian gorpuztu zen foruen aldeko intelektual talde indartsu bat, euskal abertzaletasunaren sorreran eragin handia izango zuena: Asociación Euskara de Navarra izeneko elkartea (1878). Iturralde Suit, Arturo Campion, Nicasio Landa, Esteban Obanos, Estanislao Aranzadi eta Herminio Oloriz jaunek bultzatu zuten, beste batzuekin batera, euskararen eta Euskal Herriko kulturaren aldeko elkarte hau, Revista Euskara izeneko aldizkariaren inguruan Iruñeko politikan ere eragin handia izan zuen hasieran. Nolanahi ere, liberal zentralistek eta, 1886tik aurrera, tradizionalistek gero eta indar handiagoa hartu zuten Iruñeko hirian eta Sabino Aranak sorturiko Euzko Alderdi Jeltzalea Iruñean hasieratik izan zen arren, bi indar horiek (bere adar politiko desberdinekin) nagusitu ziren erabat Iruñean XIX. mendearen bukaeran. Iruñea gremio eta merkatu hiria izan zen luzaroan, industriarik gabea. 1932an, errepublika garaian, Iruñera bildu ziren Hego Euskal Herriko udaletako ordezkariak Euskal Autonomia Estatutuaren gaineko bozketa egiteko. Ordu hartan Hego Euskal Herriaren batasunaren aurka zeuden alderdi politikoak (tradizionalistak, errepublikar-sozialistak eta beste eskuindar espainiarrak) ziren nagusi Iruñean eta autonomi estatutu haren aurkako botua eman zuen Iruñeko ordezkariak (baita Nafarroako udalen gehiengo murritz batek, amarru askoren ondoren). Errepublikako azken bi urteetan (1934-1936), Francoren matxinadarako prestakizunak egin ziren Iruñean, bertako buruzagi militarren (Emilio Mola jenerala bereziki) eta karlista-tradizionalisten eskutik. Zapalkuntza gogorra jasan zuten garai hartan haiekin bat ez zetozen guztiek. 1936ko uztailaren 18an erasoa hasi zenean, Francori leial agertu zen Iruñeko hiria eta prest zeuden biharamunean oste guztiak Gipuzkoako fronteari ekiteko. 1960tik ondoko hamarkadan hasi zen Iruñeko industrializazioa bizkortzen, ordu arteko hiria aldatzen eta zabaltzen hasi zen eta 1970tik ondoko urteetan langile higikunde indartsu bat agertu zen bertako industriaren inguruan. Nafarroako Foru Elkarteko hiriburua da gaurko egunean Iruñea. Bilakaera politikoari dagokionez, azken agintaldietan UPN alderdia izan da nagusi Iruñeko udalean. 1995eko udal hauteskundeetan botoen % 31 lortu zituen. 1999ko udal hauteskundeetan, ordea, izugarri handitu zen UPN eta gainerako alderdien arteko tartea. UPNk botoen % 41,5 lortu zituen, eta emaitza horiei esker 12 zinegotzi lortu zituen udalbatza osokoan. UPNren ondotik EH izan zen gehien hazi zen alderdia, baita zinegotzi gehien lortu zituena ere. Hala ere, Yolanda Barcina UPNko hautagaiak eskuratu zuen alkatetza, PSNren babesarekin, eta bera izendatu zuten alkate 2003ko eta 2007ko hauteskundeetan ere.