Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iruña

Arabako erdialdeko udalerri ohia (Arabako Lautada). 1976. urtean Oka-Langraizko udalerriarekin bat egin zuen udalerri berri bat osatzeko. Herrigune nagusiak: Trasponte (herrigunea) eta Biloda (Biloda eta Garabo). 345 biztanle 1970. urtean. Nekazaritza eta industria (harrobiak eta asfaltorako orea).  v  Historia. Aztarnategi guztiz garrantzitsua aurkitu zen Iruñako eremuetan (Iruyna Erdi Aroko grafian), gaur egungo Bilodako herrigunean. Azken Brontze Arotik K.o. V. mendea arte hedatzen den aztarna ugari jaso da bertan. Bi herrigune nagusi izan ziren Iruñan erromatarren garaian (Ptolomeok aipatzen du Iruñako hiria, Beleia izenaz, Antoninoren ibilbidean): hango biztanleen herrigunearen ondoan eraiki zuten erromatarren beren oppidum edo hiri gotortua. Aurreko bi mendeetako garai zailen ondoren, garrantzia izan zuen Iruñeko hiri erromatarrak K.o. II. mendean, Astorga eta Bordele arteko harbidean baitzen. V. mendean hasi zen haren gainbehera. Hiriak lau ate nagusi zituen eta erromatarrek ohi zituzten osagarri guztiez hornitua zen (hiri hartan erabilitako harri eta arkitektura elementu asko erabili ziren bertako harresiak gotortzeko eta geroko ermita eta elizen eraikuntzan). Zubi ikusgarri bat eraiki zuten erromatarrek Trasponten, Zadorra ibaiaren gainean. Iruñako oppidum-a hustu eta mende batzuk geroago prioretxe bat eraiki zuen han Maltako ordena militarrak.