Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iran-Irak gerra

1980tik 1988ra bitartean Iran eta Iraken artean gertaturiko gerra. Gerra sortzeko arrazoi nagusia bi herrialdeen arteko mugei buruzko desadostasunak izan ziren, 1971n Irakek Persiar golkoan zituen uharte pare bat bereganatu baitzituen Iranek. Horrez gainera, Irandik zetorkion propaganda islamiarraren eraginez hegoaldean xiiten iraultzaren beldur zen Irakeko gobernua. 1980an, bertan izandako iraultzaren ondoren Iran kontra egiteko ahuldurik egongo zelakoan, Irakek Irango lurrak okupatu zituen. Gerrak iraun zuen zortzi urteetan 600.000 irandar eta 400.000 irakiar hil ziren, eta bi aldeetako galera ekonomikoak 1,2 bilioi estatubatuar dolarrekoak izan ziren. ■ Historia. 1975ean bi herrialdeek lortutako akordioaren baitan, Iranek 1971 baino lehen zituen mugen aldean lurralde gehiago eskuratu zituen. 1980ko irailaren 22an Irakek Irani eraso zion, eta berehalako garaipenak lortu zituen. 1982an Irak Irango lurretatik kanporatu zuten, eta harrezkero eta 1987 arte, irandar soldaduak Irak hartzen saiatu ziren. Bitartean, irakiar hegazkinek Irango hiriak eta petrolio eremuak bonbardatu zituzten. Handik aurrera bi nazioek etengabe eraso zieten Persiar golkoko petrolio ustiapenei. 1987ko uztailaren 20an Iranek gerra amaitzeko Nazio Batuen erabakia onartu zuen, eta bi nazioen arteko bakea hurrengo urtean lortu zen.