Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibn Tufayl

Arabiar filosofoa (Guadix, XII. mendearen hasiera - 1185 edo 86, Marraketx). Ibn Bajjaren garaikidea eta jarraitzailea izan zen. Politikari, jakintsu eta filosofo gisa nabarmendu zen. Abu Yakub Yusuf almohadarren printzearen bisirra eta sendagilea zen, eta herri askotako jakintsuen bilgune bihurtu zuen printzearen gortea. Ibn Tufayl-en zientzia lan gehienak galdu badira ere, astronomian Koperniko edo Galileoren aitzindari izan zela dirudi. Haren filosofia, aldiz, ondo ezagutzen da; eragin handia izan zuen eleberri alegoriko bat idatzi zuen, Ilayy b. Yakzan (Zaindariaren seme bizia). Liburu horretan hartu zuen oinarria, adibidez, Baltasar Gracián filosofo espainiarrak bere El criticón lanean; Leibniz eta Spinozak biziki goretsi zuten. Bere garaian nagusi ziren bi pentsamendu joeren sintesia egiten du Ibn Tufayl-ek: Ibn Bajjaren peripatetismoa, espekulazio zientzak lehen mailan jartzen zituena, eta meditazioaren bidea, Ibn Sinaren ustez intuizio estatikora daramana. Betiere filosofia eta erlijioaren arteko lotura dago Ibn Tufayl-en filosofiaren oinarrian: bide horretatik, betiere garai hartako ortodoxia musulmana saihestuz, arrazoiaren bidezko ezagutza bultzatzen saiatu zen Ibn Tufayl.