Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibn Taymiyah

Arabiar teologo hanbalista (Harran, Mesopotamia, 1263 - Kairo, 1328). Koranaren eta sunnaren tradiziora itzultzea aldarrikatu zuen beti. Islameko mugimendu tradizionalak aintzidari eta maisutzat aitortu zuen XVIII. mendetik aurrera. 1268an Damaskoko hirira jo zuen, mongoliarren erasoetatik babesteko, eta han egon zen ikasle eta, geroago, irakasle. Tirabira handiak izan zituen Damaskoko agintariekin eta mongoliarren aurkako borroka gidatu zuen 1299-1303 urteetan. Alexandriara jo zuen 1309. urtean eta Egipto aldeko politika arazoez arduratu zen, 1313. urtean mongoliarren erasopean zegoen Damaskora itzuli zen arte. Zailtasun handiak izan zituen hiri hartan, bere erlijio ideiengatik, eta kartzelan ere eduki zuten hainbat alditan. Liburu asko idatzi zuen Ibn Tayniyah-k, islamaren eta lege iturrien ikuspegitik betiere. Obra nagusiak: Minhaj as-sunnah (Tradizioaren bidea) eta As-Siya-sat ash-shar’iyah (Politika Juridikoaren tratatua). Ibn Taymiyah-k aurkari asko izan zuen bere garaian, baina berebiziko eragina izan dute bere ideiek azken bi mendeotako islamiarren artean (1792. urtean hil zen Abd al-Wahhab-en ondoko wahhabita integristen artean bereziki).