Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibrahim Pasha

Bisir otomanoa, Suleiman I.aren garaian (Parga, egungo Grezia, 1493 - Konstantinopla, 1536). Familia kristau batean sortu zen, baina haurretan etxetik atera eta Suleiman printzearen zerbitzutan ezarri zuten. Printzea sultan egin zutenean (1520), bisir handi aukeratu zuten Ibrahim Pasha eta egiteko militarretan nabarmendu zen aurrerantzean: agintea sendotu zuen Egipton (1524-1525), erasopean ezarri eta menderatu zuen Hungaria (1526), zapaldu zituen Asia Txikiko matxinadak (1527) eta beretzat hartu zuen persiarren esku zegoen Bagdadeko hiria (1534). Lepoa bihurrituta hilarazi zuen sultanak, gero eta handiagotzen ari zen haren aginpideaz bekaizturik.