Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ibarra, Francisco de

Espainiako koroaren zerbitzuan jardun zuen Bizkaiko konkistatzailea (Durango, 1538 - Chiametla, Mexiko, 1575). Hamasei urte zituela itsasoratu zen Mexiko aldera eta osaba zuen Miguel de Ibarra Zacatecas hiriaren sortzailearen zerbitzuan jarri zen hara joan orduko. 1556. urtetik aurrera, egungo Mexikoko estatuko ipar-mendebaleko lurraldeak kurritu zituzten espedizioetako buru izan zen eta 1562. urtean, Nueva Vizcaya izeneko lurraldeko adelantado edo gobernari nagusi izendatu zuen Filipe II.a Espainiako erregeak (euskaldunek hartu zituzten lurralde haiek, baina erabateko konkista ez zen XVII. mende erdialdera arte bukatu). Durangoko hiria sortu zuen Ibarrak 1563an eta Sinaloa izeneko lurraldeko konkista hasi zuen 1564an. Chiametlako lurraldea hartu zuen hurrengo urtean eta eremu haietan hil zen hogeita hamazazpi urte zituela.