Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hussein, Sadam

Irakiar politikaria (Tikrit, 1937 - Bagdad, 2006). Hogei urte zituela Baath Alderdi Sozialistaren kide zen. Abdul Karim Kassem Irakeko lehen ministroa hiltzeko saio batean parte hartu zuen, eta Siriara eta Egiptora erbesteratu zen. Irakera itzulirik, alderdiko (1968) eta estatuko lehendakari karguak (1979) lortu zituen. 1980-88 bitarteko urteetan Iranekin izan zuen gerran Kuwait eta Saudi Arabiaren laguntza eta sortaldeko nazioen onespena jaso zuen. Bien bitartean kurduak gogor eraso zituen mustarda-gasa erabiliz. Kuwait-en eta Iraken arteko muga arazoak, petrolioaren prezioaren gorabeherak eta Iraneko gerraren ondoko zorrak zirela eta, Kuwait hartu zuen 1990ean (Persiako Golkoko gerra). Estatu Batuak buru zituen nazioarteko koalizioaren eta Iraken arteko gerra horretan Irak atera zen galtzaile eta herria egoera oso txarrean geratu zen. Gerra ostean, nazioaren iraupena arriskuan jartzen zutela eta, hegoaldeko xiitak eta iparraldeko kurduak eraso zituen gupidagabe.