Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hunt, James Simon Wallis

Britainiar pilotua (Belmont, Surrey, 1947 - Wimbledon, 1993). Gaztetan iraupen atletismoan, tenisean, squashean eta golfean aritu zen, baina azkenean motorra aukeratu zuen. 1968an eta 1969an Formula Ford-en parte hartu zuen, eta gero Formula 3ra pasa zen. 1972an Lord Heskethekin taldea osatu zuen eta hurrengo urtean parte hartu zuen lehen aldiz Formula 1eko munduko txapelketan. 1975ean irabazi zuen bere lehendabiziko Sari Nagusia Holandako Zaandvoort zirkuituan, eta urte horretan bertan laugarren gelditu zen pilotuen sailkapenean. 1973-1975 bitartean Hesketh-Ford automobil taldean egon zen, eta 1976-1979 bitartean McLaren taldean. Guztira 96 Sari Nagusitan parte hartu zuen eta hamar irabazi zituen, horietatik sei 1976an; urte horretan munduko txapeldun gelditu zen. Erretiratu zenean BBC kate britainiarrak kazetari lanetan aritzeko kontratatu zuen.