Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

humanismo

iz. Italian XV. mendean sortu zen kultura higikundea, Errenazimentuaren ezaugarri izan ziren gizonaren eta giza balioen garrantzia azpimarratzen zituena. Humanismoaren jarraitzaileek gizon osoa izateko literatura eta arte klasikoa ikastea eta aztertzea beharrezkoa zela zioten; filosofian, artean, eta pentsaeran oro har ideal eta forma klasikoak hartzen zituzten oinarritzat eta gizona gauza ororen gainean jartzen zen. Pentsaera hori berehala zabaldu zen Europa mendebalera, garai hartan herri gehienek kultura hizkuntza bera erabiltzen baitzuten, latina; gainera, sortu berria zen inprimeriak erraztu egin zuen hedapen hori. Dante, Petrarca eta Bocaccio izan ziren higikunde horren sustatzaileak. Bi joera bereizten ziren humanismoan: kultura klasikoa kristautasunaren ikuspegitik aztertzen zuena bata eta kultura klasikoa eta horrekin batera antzinako izpiritu paganoa berreskuratzea proposatzen zuena bestea. Erasmo, Tomas Moro eta Piero Pomponazzi izan ziren humanismoaren jarraitzaile ezagunenak. XX. mendean pertsona eta bere ezaugarriak oinarritzat dituen balio sistema bat azaldu da eta horri ere humanismo izena eman zaio.