Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hulse, Russell A

Estatubatuar fisikaria (New York, 1950). Massachusettseko Amherst Unibertsitatean bere irakasle J. H. Taylorrekin doktoregoa egiten ari zela, bien artean lehen pulsar bikoa aurkitu zuten 1974an, geroago PSR 1913+16 esango zitzaiona. Aurkikuntza hori zela-eta jaso zuten biek 1993an Fisikako Nobel saria. 1975ean doktore egin eta gero Charlottesvilleko Irrati-Astronomia Behatokian lan egin zuen pare bat urtez. 1977an Princetongo Fisika Laborategian hasi zen lanean. Bertan, fusio termonuklear kontrolatua egiten den tresnetan tenperatura altuetan plasmako ioiek duten portaera azaltzeko programa konputerizatu bat garatzea izan zuen lehendabiziko egitekoa. Ioi horiek oraindik ere gaur egun erabiltzen den kode bat garraiatzen dute, eta kode horrek eratzen du elementu lohien kargaren portaera, prozesu atomikoen eta plasmaren garraiokoaren eragin konbinatuen azpitik. Horrez gainera prozesu atomikoak ikertu zituen, esate baterako, hidrogeno neutralaren eta ioi kargatuen arteko kargaren erreakzioak iragartzen saiatu zen, fusioko plasmen lohien birkonbinazio prozesu garrantzitsua izanik. Bestalde, datu konputerizatuen formatu bat garatu zuen, Energia Atomikoaren Agentziak eredu gisa erabiltzen duena, fusio aplikazioetan informazio atomikoa bildu eta trukatzeko. Horrez gainera elektroiak plasman nola garraiatzen diren ikertu zuen, abiadura handiko hidrogeno partikulak txertatuz. Gaur egun Princetonen jarraitzen du lanean eta ingurune informatiko berriak lantzen ditu, ikerketa zientifikoak errazteko kode berriak garatzeko asmoz.