Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Huarte Donibaneko, Juan

Nafarroa Behereko mediku eta filosofoa (Donibane Garazi, 1529 edo 1530 - Baeza, Jaen, 1588 edo 1589). Oso gazte zela, Espainia aldera jo zuen bere familiak eta Andaluziako Baezan (Jaen) hartu zuen bizilekua. 1530. urtean egin zion uko Karlos I.a Espainiako erregeak Nafarroa Behereari, Fernando Katolikoa Nafarroaz jabetu ondoren (1512), eta, Gaztelako erregearen zerbitzariak zirelako edo, utzi egin behar izan zuten lurralde hura huartetarrek. Arte eta filosofiako ikasketak egin zituen Juan Huartek Baezako unibertsitatean eta medikuntzako ikasketak Alcalako unibertsitatean. Medikua izan zen lanbidez, baina filosofoa izatez. Eskolastikako filosofian ikasia zen arren, etikako eta metafisikako alorretatik aldendu eta naturari buruzko gogoetak egin zituen, filosofia berri baten ildoan. 1575. urtean eman zuen argitara lehenengo aldiz Examen de ingenios para las ciencias handik aurrera argitalpen eta itzulpen ugari izan zuen obra. Kordoba eta Madrilgo Inkisizioaren Auzitegiaren aurrean salatua izan zen 1579. urtean eta Inkisizioak debekaturiko liburuen zerrendan zegoen 4 urte geroago. Liburuari zuzenketak egin ziezazkiola agindu zion Inkisizioak eta agindua bete zuen arren (1594. urtean, Huarte hil ondoan, eman zen ezagutzera bigarren bertsioa), Vatikanoko II. Kontzilioa arte ez zen zentsuraren atzaparretatik libre egon. Examen de ingenios para las sciencias obra psikologia modernoaren korronte fisiologiko eta esperimentalaren aintzindaritzat hartua da gaur egun.