Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

HTML

(Hypertext Markup Language; Eusk., "Hipertestuetako ezaugarrien hizkuntza"). Informatikan, World Wide Web (WWW) izeneko sarean 1989az geroztik erabiltzen den testu dokumentuen formatu estandarra. HTML dokumentuek bi motatako informazioa izan ohi dute: pantailan agertzen dena eta informazio hori nola azaldu adierazten duten kodeak (tag edo etiketak), erabiltzaileentzat gardenak izan ohi direnak. HTML hizkuntza SGML edo gailutik aparteko orrialde deskribatzaile estandarraren azpimultzo bat da; SGML (Standar Generalized Markup Language) akronimoak dokumentuetako ezaugarrien hizkuntza estandar orokorra adierazten du. ■ HTML motako dokumentu batean, testuko ezaugarriak (beltza, erdiratua, Ö) adierazten duten etiketak egon ohi dira. Beste batzuek, aldiz, erabiltzaileak sortutako gertakariei nola erantzun adierazten diote sistemari, hala nola, mouse edo saguaz ikono bat seinalatutakoan, bideoa formatu digitalean erreproduzitzen duen programa gauzatzea. Etiketarik garrantzitsuena, beste dokumentu baten URLa izan dezakeen lotura (link) delakoa da. Beste dokumentu hori dokumentu berriaren Web-eko toki berean egon daiteke edo WWWeko beste edozein ordenagailutan. Beraz, erabiltzaileak dokumentuz dokumentu “nabigatzen” du bere saguaz loturak aukeratuz. HTML hizkuntzak galdetzaileak betetzeko ezaugarriak ere baditu, erabiltzaileak datu-baseetan kontsultak egin, edota zerbitzuren bat eskatu edo erosteko informazioa bidali ahal izan dezan. ■ Erabiltzaileari World Wide Web-ean dokumentuak kontsultatzeko aukera ematen dion softwareari, berriz, esploragailu edo nabigagailu esan ohi zaio. Hauxe arduratu ohi da etiketak interpretatu eta dokumentua pantailan erakusteaz. Formatu honek badu abantailarik: estandar onartua eta erraz betetzen dena izatea. Aldi berean, HTML hizkuntza aldatu ere egiten da, etiketa berriak eta hauek interpretatzeko gai diren esploragailu berriak sortzen ari direlako. Honek guztiak laguntza handia eman dio WWWak izan duen hazkunde harrigarriari.