Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hidatsa

(Missouriko Gros ventre ere deitua). iz. Etnogr. Sioux jatorriko Ipar Ameriketako indiar leinuko kidea. Estatu Batuetako Missouri ibaiaren Heart eta Little Missouri adarren artean bizi ziren hidatsa indiarrak, noizean behin bizilekuz aldatuz. Emakumeek nekazaritzan ziharduten eta gizonek, berriz, bisonte ehizean; inguru horretako beste indiar leinu askok bezala eguzkia gurtzen zuten. Beren hizkuntza oso hurbil dago crow leinuko indiarrenetik. Mandan indiarrekin oso harreman estua izan dute, eta 200 urte baino gehiagotan elkar harturik bizi izan ondoren, kultura molde bertsuak dituzte. XVIII. mendearen bukaeran 3.000 bat kide ziren, eta mandan leinukoekin batera, herri nomadei zaldiak, bisonte larruak eta antzeko gaiak erosiz eta europarrei arma, aizto eta bestelako gauzen ordez salduz bizi ziren. 1837. urtean baztanga izurrite baten ondorioz hidatsa indiarren kopurua asko murriztu zen, eta herri batera bildu ziren kide guztiak. Gaur egun, mandan eta arikara indiarrekin batera, Fort Berthold erreserban bizi dira, Ipar Dakota-n.Gaur egun, 1.000 bat kidek osatzen dute hidatsa indiar herria.