Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heidenstam, Carl Gustaf Verner von

Suediar idazlea (Olshammar, 1859 - Stockholm, 1940). Osasun ahulekoa izaki, ikasketak utzi eta bidaia luzeak egin zituen (Grezia, Egipto, Palestina, Siria). Lehen poema bilduma, Erromes eta kalez kaleko urteak (1888), Ekialde Hurbileko kolore eta inpresio biziz beterikoa zen. Ondoren argitaraturiko Endymion eleberrian (1889) epikureismoa aldarrikatu eta gizarte zein moral jatorriko arazoen aurrean erabateko axolagabetasuna erakutsi zuen. Naturalismoa gainditua zela eta, erromantizismo kutsuko obrak ondu zituen: Hans Alienus (1890), neurtitzez egindako eleberria; Poemak (1895). Joera aberkoia erakusten du eleberri historikoetan: San Jorge eta herensugea (1900), Santa Brigidaren erromesaldia (1901), Folkungar familaren zuhaitza (1905-1907). v 1916an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.