Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heidegger, Martin

Alemaniar filosofoa (Messkirch, Baden, 1889 - Messkirch, 1976). Jesusen Lagundian egin zituen lehen ikasketak, eta Brisgoviako Friburgon jarraitu, Rickert eta Husserl-ekin. 1914an doktore titulua lortu zuen. 1916an irakasle izendatu zuten; Marburg-en irakasle izan zen 1923tik aurrera eta Husserl erretiratu zenean (1928) haren postua beretu zuen Friburgoko unibertsitatean. 1933an erretore izendatu zuten. Gerra amaiturik, bere iragan politikoa zela eta, denbora batez irakasletzatik kanpo eduki zuten. 1951n berriro hasi zen irakasten, Friburgoko unibertsitatean. Sein und Zeit (Izakia eta Denbora, 1927 lehen zatia) du oinarrizko obra. Hartan, gizakia bere egoeran harturik, haren bizitzaren analisia egin zuen, hots, izakiaren munduko izatea. Filosofo existentzialista da, beraz, eta haren ekarpenik handiena ontologia tradizionalak albora utziak zituen hainbat gai aztertzea izan zen. Hona Heidegger-ek landu zituen funtsezko alderdiak: Dasein edo “hor-izatea” eta izaki existentea (“munduan izatea”) edo atergabean “bere baitatik irtetea” (geroari nahiz iraganari buruz) eta izaki irekia “munduarekiko irekitzea”. Idealismoa eta errealismoa gainditzeko ahaleginetan jardun zuen Heidegger-ek, zeren eta “munduan izatea” baita lehena, eta “izateko era” da horretaz pentsatzea. Heidegger-en beste obra batzuk: Kant und das Problem der Metaphysik (1929, Kant eta metafisikaren auzia); Was ist Metaphysik (1929, Zer da Metafisika); Über den Humanismus (1947, Humanismoari buruz); Nietzsche (1961).